Bittor Sarasketa kalea trafikoarentzat itxi dute, ur-hornidura sarea berritzeko lanak egiteko

Bittor Sarasketa kalea trafikoarentzat itxi dute, ur-hornidura sarea berritzeko lanak egiteko
ETA KITTO 2022, Aza 08

Gaur sartu dira bigarren fasean Bittor Sarasketa kaleko ur-hornidura sarea erabat berritzeko lanak eta, horren ondorioz, kalea itxi egin dute, epaitegi zaharren eraikinaren aldameneko bihurgunetik Estaziño kaleraino. Beraz, abendura bitarten, lanen eraginez aldaketa handiak egongo dira ibilgailuen trafikoan, baita aparkalekuetako gune publiko zein pribatuetarako sarbideetan ere.

Gaurtik bertatik hasita, Urkizu ingurutik Bittor Sarasketara doazen ibilgailuek, 12. zenbakiaren parean (lehengo epaitegien aurrean), Matsariarantz jarraitu beharko dute tuneletik, eta handik Estaziñora itzuli Ibargain eta Pagaegitik; edo, bestela, saihesbidea hartu Matsarian, Eibar erdigunerantz jarraitzeko. Nolanahi ere, salbuespenak egongo dira kale horretako aparkaleku publiko zein pribatuetara sartzeko: “Bermatu egingo da uneoro kale horretako 5. zenbakiko garaje pribatuetara joan nahi duten ibilgailuen sarbidea”.

Bestalde, Bittor Sarasketako fabrika eraitsiaren orubean dauden aparkaleku publikoetara sartu ahal izateko, azaroaren 21etik aurrera ibilgailuak Estaziñotik aparkalekuraino jaitsi ahal izango dira, baina aparkalekua uzterakoan ezingo dira Estaziñorantz itzuli, eta epaitegien bidegurutzera joan beharko dute eta Matsariarako bidea hartu. Aparkalekuetara joatea errazteko, Bittor Sarasketako sarbidea zabalik egongo da uneoro, eta alde batera edo bestera aldatuko da, obren bilakaeraren arabera.

Oinezkoen zirkulazioari dagokionez, zanga gehienak espaloian egingo dira; beraz, esku-hartuko den kale-zatian bidearen zabalera murriztu egingo da errei bakarra utzita eta oinezkoa beste erreitik desbideratuko da. Halaber, une batzuetan ur-hornidurari eragingo zaio, sare berria konektatzeko egin beharko diren ‘by-pass’ak direla eta.

Gipuzkoako Urak erakundeak Udalari adierazi dionez, proiektuaren bigarren fase hau bi zatitan egingo dute eta abenduaren azken egunetan amaituko dituzte lanak.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »