Bittor Sarasketa kaleko ur-horniduraren sarea osorik berriztuko da aste honetatik aurrera

Bittor Sarasketa kaleko ur-horniduraren sarea osorik berriztuko da aste honetatik aurrera
ETA KITTO 2022, Ira 21

Gipuzkoako Urak konpainia publikoak Bittor Sarasketa kale osoan ur-hornidurako sarea hobetzeko eta erabat berritzeko lanak egingo ditu aste honetan hasi eta 16 asteko epean. Sare hori Arragueta kaletik Estaziñoraino doa, eta 175 metro hartzen ditu.

Udaletik azaldu dutenez, “obrak izaera lineala du, eta, besteak beste, zangak egin eta tutuak eta erregistro-kutxatilak instalatuko dira.  Jarduera osoak 147.261 euroko aurrekontua du (BEZa barne)”. Proiektua hiru fasetan egingo da. Lehenengoan, Arragueta kaleko 20 zenbakitik (Urkizuko parkearekiko bidegurutzetik) Bittor Sarasketa 12rainoko (epaitegi zaharren parean) zatiari ekingo zaio. Bigarrenean, puntu horretatik Estaziño kaleko bidegurutzeraino; fase hau, halaber, bi zatitan egingo da obrek trafikoan ahalik eta eragin txikiena izan dezaten.

Lanak egiteko, Bittor Sarasketa kaleko hainbat aparkaleku kenduko dira; hortaz, fase bakoitzean lan egiten den zatiari dagozkion plazak okupatuko dira. Bittor Sarasketa 12tik Estaziñoko bidegurutzerainoko zatian ibilgailuen trafikoari eragingo zaio, kalea denbora tarte batez moztuta egongo delako. Nolanahi ere, garaje pribatura sartzen utziko da Bittor Sarasketan.

Zanga gehienak espaloian egingo dira, eta oinezkoen zirkulazioari eta, une batzuetan, ibilgailuen zirkulazioari ere eragingo zaio. Kale osoan errepidearen zabalera murriztuko da. Errei bakarra lagako da, eta oinezkoa beste erreietik desbideratu beharko da, espaloian lanak egin ahal izateko.   Arrragueta kalean zirkulazioa eten egingo da, eta aldez aurretik jakinaraziko da zenbat denbora iraungo duen.

Azkenik, ur-horniduran eragina nabarituko da une batzuetan, sare berria konektatzeko egin beharko den ‘by-pass’a dela-eta.

Lan horiek beste obra batekin batera egingo dira, Bittor Sarasketako epaitegi zaharretan eraikina birmoldatzen ari baitira gazteentzako zuzkidura-etxebizitzak egiteko. Obrak horiek Eusko Jaurlaritzak sustatzen ditu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »