Errebal Plazia eraikinaren lanak ekainaren bigarren hamabostaldirako amaitutzat emango dira

Errebal Plazia eraikinaren lanak ekainaren bigarren hamabostaldirako amaitutzat emango dira
ETA KITTO 2021, Eka 01

Jon Iraola alkateak eta Alberto Albistegi Obra zinegotziak gaur goizean egindako prentsaurrekoan aditzera eman dutenez, Errebal Plazia eraikinaren lanak azken txanpan sartu dira. Aurreikusitako epeen arabera, ekainaren bigarren hamabostaldian eraikina inguratzen duten pasealekua eta kaleak zabaltzeko moduan egongo dira. Hala ere, barruko azpiegiturak eta estalitako plaza geroago zabalduko dira, “obra-amaierako dokumentazioa behar baita”. Agiri hori uztailaren bigarren hamabostaldian entregatuko dela pentsatzen dute.

Lanak erabat amaitutzat eman aurretik hainbat pauso eman behar direla azaldu dute: “Behin obra-zuzendaritzak eta udal teknikariek bidezko egiaztapenak egin ondoren, Udalak obren harrera-akta egingo du bi aste barru-edo; epe hori aurreratu ahal izango da, egin beharreko egokitzapen eta erremateak lehenago amaitzen badira”.

Horrez gain, Udalak azokako saltokiak lehiaketara atera ahal izateko tramiteak egiten dihardu. Esan dutenez, “prozesua datorren astean hasiko da, adjudikazio-agiriak argitaratzen direnean”. Gaineratu dutenez, Udalak lanean jarraitzen du erabilera anitzeko guneak zabaldu daitezen, “bai eta espazio estalia dinamizatuko duen pertsonaren kontratazioan ere”. Baserritarren kasuan, “Rialton dauden guztiak” eraikin berrira joango direla argi laga nahi izan dute, eta toki aldaketa zehazten joateko eurekin bilduko direla aurreratu dute. Eraikin berriak baserritarrentzat 22 postu izango ditu eta gaur egun 13-16 baserritar inguru ari dira Rialton beraien produktuak saltzen. Asmoa hutsik geratuko diren postu horiek ere beste baserritar batzuekin betetzea litzakeela azaldu dute, eta horretarako lanean dihardute.

Atzo egin zen 101 garaje-plazak banatzeko zozketa, “eta abuztua-iraila bitartean emakida-kontratuak formalizatu eta giltzak entregatuko zaizkie adjudikaziodunei”. Gaur bertan argitaratu da Udaleko webgunearen Kontratatzailearen Profila atalean garajeen adjudikaziodunak izango diren pertsonen behin betiko zerrenda. Datozen egunetan Udala onuradunekin jarriko da harremanetan, “eta hil honetan bertan bisitak egingo dira parkingera, adjudikaziodunek in situ ikus ditzaten garajeak eta trastelekuak”. Garajeak aukeratzeko, berriz ere deituko zaie onuradunei, zozketatik ateratako lehentasun-hurrenkera errespetatuz.

Alkatearen berbetan, “lan konplexuak eta zailtasun handikoak izan dira, baina azkenean lortu da herriaren erdi-ekialdeko inguruak azpiegitura moderno bat edukitzea, eibartarren topagune sozioekonomiko eta kulturala izango dena”.  Aurreikusten dutenez, irailerako eraikin-multzo osoa martxan egotea espero dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »