Errebalgo lanen inguruan esaten ari direnak ezeztatu dituzte udal-gobernuko ordezkariek

Errebalgo lanen inguruan esaten ari direnak ezeztatu dituzte udal-gobernuko ordezkariek
ETA KITTO 2020, Urr 02

Aurreko barixakuan Errebal Plataformak, oposizioko hiru alderdietako ordezkariekin batera Errebalgo lanen inguruan egin zituzten adierazpenei erantzuteko prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Jon Iraola Obrak saileko zinegotziak eta Ana Telleria Ogasuneko zinegotziak. Argitu nahi izan duten lehen kontua proiektuaren kudeaketaren gardentasunari lotutako izan da. Esan dutenez, “Errebalgo proiektua eta proiektu horretarako onartu ziren aldaketak kudeatzeko orduan opakotasunez, oso argi ez dagoen zerbait ezkutatzeko ahaleginetan ari garela esan da eta hori gezurra da. Proiektuak izan dituen aldaketa guztiak uztailaren 14an egin zen Obra Batzordean Udalean dauden alderdi politiko guztiei azaldu zitzaizkien. Bilera horretan proiektua idatzi dutenak, hau da, UTE Errebal Hiru-ko langileak diren eta Udalak kontratatu dituen injeniariak eta arkitektua egon ziren, edozein zalantza argitu ahal izateko. Eta aldaketei dagokien dokumentazio guztia (memoria, planoak, aurrekontua eta kontratazio-orriak) uztailaren 23an igorri zitzaien alderdi guztiei”.

Adierazi dutenez, aldaketa horien jatorria zalantzatan ipini dute eta, horren harira, proiektua aldatu behar izateko arrazoiak argi laga nahi izan dituzte, “nahiz eta gai honi buruz Udaleko organu guztietan gardentasun osoarekin berba egin den”. Esandakoari jarraituz, “proiektua aldatu behar izan dugu udal teknikariek hori egin beharra zegoela esan zutelako. Lanek aurrera egin ahala, eraikina jasotzeko lanean ari zirela, proiektuan aurreikusita ez zeuden hainbat lan berri agertu eta egin behar izan dira nahitaez. Udal teknikariek hala esanda, eraikina amaitu ahal izateko lan horiek egitea beste aukerarik ez zegoen. Bestalde, proiektuari egindako aldaketen baitan, Udaleko beste alderdiekin aurretik adostuta eta hitzartuta zeuden hainbat daude: biomasa-galdararen ordez eraginkortasun handiagoa duen beste sistema bat ezartzea eta parte-hartze prozesuan erabaki zena bete ahal izateko merkatuari eragiten dion aldaketa, adibidez”.

Horrekin batera, “lanak erritmo onean doazela” azpimarratu dute. Lanen iraupenaren inguruan esandakoen harira, gai horren inguruan beti gardentasun osoarekin hitz egin dutela berretsi dute, “bai Udalean, baita herritarren aurrean ere”. Iazko azaroan Coliseo antzokian herritarrekin egindako bileran, Obra saileko zinegotziak bertan egin ziren galdera guztiei  erantzun ziela ekarri dute gogora, “Errebal Plataformako ordezkariak egin zituenak barne”. Iraolaren berbetan, “bilera horretan lanak 2020ko urria-azaroan amaituko zirela esan genuen eta bileran bertan azaldu genituen atzerapenerako arrazoiak”. Arrazoi horiek kontuan hartu eta gero, gaurko egunez egiten duten aurreikuspenaren arabera lanak 2021. urteko apirila eta maiatza bitartean amaituta egongo dira.

Aurreko asteko agerraldian aipatu zutenez, herritar batek Udalean aurkeztu dituen salaketek Errebalgo lanak egiten ari den enpresak (UTE Iza-Campezo-k) hainbat arau hauste eta irregulartasun egin dituela pentsatzeko arrazoiak daude. Horri buruz argitu nahi izan dutenez, “salaketa hori ez du UTE-ko langile batek egiten, UTE hori osatzen duten enpresa bateko langile batek baino. Salaketak jasotzen dituenak egiaztatzeko lanean ari gara, baina, gaur arte behintzat, ez dugu inolako arau hausterik aurkitu”.

Amaitu baino lehen, Rialton gaur egun dauden postuak Errebalera zuzenean joatea ala ez ez dagoela euren esku argi laga nahi izan dute: Ez da borondate kontua, legalitate kontua baino. Beraz, udal-gobernuak Udaleko zerbitzu juridikoek gai horren inguruan idatzitako txostenetan esaten dutena bete beharra dauka. Eta aipatutako txosten horiek argi diote hori legez kanpokoa dela”. Esan dutenez, legearen arabera Errebal berriko postuak lehiaketa bitartez banatu behar dira, “baina hori ez da atzoko kontu bat, 2014. urtetik dakite alderdi guztiek hori horrela dela. Bestalde, baserritarrekin hartu genuen konpromisoa beteko dugula, horretan zalantzarik ez dago. Eurekin ez ezik, baserritarrak ordezkatzen dituen Andirao elkartearekin batera aukeratu ditugu Errebal berrian izango dituzten postuak eta, agindu zitzaien moduan, lehentasunezko tokian egongo dira, gainera”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »