Estaziño-Azitain artean trenbidea estaltzeko proiektuak kaltetutakoek auzo elkartea eratu dute

Estaziño-Azitain artean trenbidea estaltzeko proiektuak kaltetutakoek auzo elkartea eratu dute
2022/01/25 18:30
eta kitto!
Eibarko behealde edo ekialdean bizi direnek “No al paseo que nos entierra-Ekialdea Bai” izeneko auzo elkartea osatu dute, “auzoa suspertu, defendatu eta zaintzeko asmoz. Gure helburu nagusia bizitzeko hiri hobe bat lortzea da, gure bizi-kalitatearen sustapena bermatuz. Hori dela eta, hirigintza arloko hobekuntzak proposatu nahi ditugu, baita Eibarko garapena landu ere”.

Asmo nagusi horrekin batera, elkartea eratzera bultzatu dituen proiektuaren kontra daudela argi adierazi nahi dute bizilagunek: “Estaziño eta Azitain artean trenbidea estaltzearen aurka gaude. Kilometro baterako 18 milioi euroko aurrekontua duen proiektuari buruz ari gara, hain zuzen ere. Ez. Ez du zerikusirik Amaña auzoan egindakoarekin. Obra berri honetan, kalte handia egingo baitzaie etxebizitzei eta bizilagunei, euren gainetik pasatuz eta bizilagunon bizi-kalitatea zuzenean kaltetuz: iluntasuna eta kutsadura akustikoa inposatuz, irisgarritasuna bermatu barik... Gainera, estetikoki eta, batez ere, ingurugiroaren ikuspuntutik, basakeria hutsa da”.

Electrociclos, Barrena eta Barakaldo inguruan bizi direnen ustez, “alternatiba argi bat dago, Barrena kalean apustu sendo eta irmoa eginaz. Proposamen honek Azitain-Elgoibar bidegorriarekin lotura zuzena izango luke eta nabarmen lagunduko lioke auzoari: dendei, bizilagunen bizi- kalitateari, giro sozialari, herritarren osasunari eta, oro har, Eibarko herriari”.

Aurrera eginez gero bizilagun asko kaltetuko dituen proiektuari buruz oso gauza gutxi dakitela eta, horrekin kexatzen dira: “Argi daukagu auzoa biziberrituko duen proiektu bat ezin dela bizilagunon kontra joan eta gure beharrak ezagutu gabe burutu. Inolaz ere ez. Izan ere, nola da posible auzo bat suspertu nahi izatea auzoa alde batera utziz eta bizilagunak lurperatuz? Nola da posible auzo bat berpiztu nahi izatea bizilagunen iritzia eta beharrak ezagutu gabe? Astakeria hau gelditu beharra dago!”.

Gauzak horrela, urtarrilean zehar herriko hainbat lekutan informazio-mahaiak jarri dituzte, Udalak eta E.T.S.k (Eusko Trenbide Sarea) zer egin nahi duten eta bizilagunek alternatiba gisa zer planteatzen duten herritarrei azaltzeko, eta hala egingo dute asteburu honetan (barixakuan eta zapatuan) ere.