Estaziño-Azitain bitartean trenbidea estaltzearen kontra dauden auzokideek agerraldia egin dute

Estaziño-Azitain bitartean trenbidea estaltzearen kontra dauden auzokideek agerraldia egin dute
ETA KITTO 2021, Urr 20

Estaziño-Azitain bitartean trenbidea estaltzeko proiektuarengatik kaltetuta sentitzen diren bizilagunek agerraldia egin dute gaur eguerdian, “sortu den egoera berriaren aurrean gure haserrea eta ezintasuna adierazteko”. Bertan irakurri duten adierazpenak jasotzen duenez, “Pilarikako zubia baino egun batzuk lehenago, zur eta lur geratu ginen Eibarko Udalean PSOE eta EH Bilduk lortutako akordioaren berri izan genuenean”. Bi alderdien arteko akordioaren berri prentsaren bitartez izan zuten eta, “Eibarko ekialdean tamaina handiko proiektu estrategikoak aurrera eramateko” modura aurkeztu zutenaren arabera, “bi taldeek konpromisoa hartzen dute Estaziño eta Azitain artean trenbidea estaltzeko proiektua eta Txonta berroneratzeko planak bultzatzeko”, besteak beste.

Horren aurrean bizilagunak zur eta lur geratu zirela azaldu dute: “Ezin genion sinesgarritasunik eman irakurtzen eta entzuten genuenari. Izan ere, orain dela bi urte Beheko Tokian egindako bileran, oposizioko Udal ordezkariek (EH Bildu, EAJ eta Podemos alderdiek) publikoki adierazi zuten aurkako jarrera, eta proiektu hori ez babesteko asmoa”.

Hori dela eta, ez dute ulertzen Eibarko EH Bilduko ordezkarien jarreran izandako aldaketa: “Badirudi, Next Funtsen Europako laguntza ekonomikoaren etorrerak, edo ihes egiten digun beste arrazoiren batek, zerbaitek aldarazi duela Eibarko EH Bilduren jarrera. EH Bilduk orain dela bi urte auzokideei eman zien hitza, orain jan egin du”, salatu dute.

Datorren astelehenean, urriaren 25ean, 19:00etan hasiko den Udalbatzan proiektuari buruzko erabakia hartuko dela eta, orain arte ezer ez dutelako jakin oso haserre agertu dira bizilagunak: “Proiektu hau abian jartzeko PSOEk EH Bilduren botoak baliatuko ditu. Hau horrela izanda, bizilagunak babes gabe eta, hori baino larriago, engainatuak sentitzen gara. Badirudi proiektua aldatu egin dutela, baina ez digute inoiz modu ofizialean jakinarazi”.

Agerraldian esan dutenez, aurreko proiektuan funtsezko aldaketarik ez dela eman jakin dute: “Dena dela, trenbidearen gainean porlan-puska izugarri handia izaten jarraitzen du. Bertan, 16 etxebizitza baino gehiago lurperatuta geratuko dira. Babes ofizialeko etxebizitza direnak IMESAren bitartez eraiki ziren, hau da, Udal kudeaketa izan zuten; eta orain pasabidearen azpian geldituko lirateke. Ez dago horretarako eskubiderik!”.
Proiektuaren inguruko informaziorik ez dutela eta kexu dira auzokideak: “Jon Iraola alkatearen adierazpenen arabera, proiektua bizilagunen kexa eta erreklamazioak kontuan hartuta aldatu bada, urriaren 25eko osoko bilkura baino lehen horren berri ematea eskatzen dugu. Gaur egun daukagun informazio urriarekin, esan dezakegu alkatearen hitzak ez direla egiazkoak. Esango digute ordenantza, araudi eta abar guztiak betetzen dituztela, baina hori ez litzateke arrazoi nahikoa izan behar gure etxeen ondoan porlanezko azpiegitura erraldoi bat egiteko, horrek dakarren guztiarekin (zarata gehiago, hezetasuna, argitasun falta…)”.

Gaineratu dutenez, “Udalean ditugun ordezkariek benetan pentsatu behar lukete kaleak biziberritzeko proiektuetan, Eibarko kaleen arteko loturetan, eta ez hainbeste Eibar porlanez betetzen duen azpiegitura handi hauetan. Ez da inondik inora ere onargarria gure ordezkariek hitzarmen bat onartzea haren eraginpeko herritarrei jakinarazi gabe”.

Eta, amaitu aurretik, hainbat eskaera egin dituzte: “Orain dela bi urte hartutako konpromisoa betetzeko eta herritarrei emandako hitza betetzeko eskatzen diogu EH Bilduri. Baita ere 25eko udalbatza hurrengo hilabetera atzeratzea, eta bitartean bizilagunekin batzartzea proiektuaren gainean informazioa zabaltzeko. Eta, era berean, Eibarko herritarrei elkartasuna eskatzen diegu, hiriarentzat estrategikoa ez den proiektu edo azpiegitura honen aurrean”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »