Etxeko leiho eta balkoiak landareekin apaintzeko lehiaketa antolatu dute hirugarrenez

Etxeko leiho eta balkoiak landareekin apaintzeko lehiaketa antolatu dute hirugarrenez
2021/05/20 eta kitto!
Udaleko Ingurumen Sailak herriko balkoiak eta leihoak apaintzeko lehiaketa antolatu du hirugarrenez, Debegesa Garapen Agentziarekin lankidetzan. Antolatzaileen berbetan, “herritarren parte-hartzearen bidez, Eibarko ingurumenaren kalitatea eta itxura hobetzea eta, horrekin batera, landareei eta loreei garrantzia emanez, herrigune atseginagoa eta ederragoa lortzea da lehiaketaren helburua”.

Lehiaketa eibartar guztiei zabalik dago. Parte hartzeko aurrez izena eman beharko da, maiatzaren 26tik ekainaren 18ra arte, udalaren webgunean eskuragarri egongo den formularioa  betez edo, bestela, eguaztenean, 10:00etatik 13:00etara Untzaga plazan egingo den lore banaketan. Untzaga Plazan banatuko diren loreetako bat jasotzeko, beharrezkoa da etxe guztietan banatu den inprimakia betetzea eta entregatzea.

Sariei dagokiez, herri mailako bi sari emango dira, bata 200 eurokoa eta bestea 150 eurokoa, Eibarko Merkataritza Gune Irekiko kide diren saltokietan erabiltzeko. Gainera, eskualde mailako beste sari bat emango da, 250 eurokoa, irabazleak bere herriko saltokietan erabil dezan.

Ekimen honi buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 943 70 84 08 telefonora dei dezakete edo ingurumena@eibar.eus helbidera idatzi. Udalaren webgunean kontsultatu daitezke bete beharreko baldintzak. Epaimahaiak uztailean zehar ikusi eta baloratuko ditu balkoi eta leiho parte-hartzaileak, lore apainketa ederrenak saritzeko.