Unibertsitateko tren geltokiko nasak eta eskailerak berrituko ditu Garraio Sailak

Unibertsitateko tren geltokiko nasak eta eskailerak berrituko ditu Garraio Sailak
2021/08/30 eta kitto!
Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, Eibarren dagoen Bilbo-Donostia trenbideko Unibertsitateko geltokiko nasak eta bertara sartzeko eskailerak berritzeko lanak egingo ditu udazkenean. Euskal trenbide kudeatzailearen kontratazio-mahaiak argi berdea eman dio 115.000 euroko oinarrizko aurrekontuari (BEZik gabe) eta 90 eguneko egikaritze-epea izango dituen proiektuaren lizitazioari.

Azaldu dutenez, "aurreikusitako eraberritzearen eta egokitzearen arrazoia nasetako zoladura osatzen duten lauzak hondatuta daudela da, baina horrez gain, Euskotrenen EMU-900 eta 950 unitateen plataformara sartzeko kotan jarri behar direla, indarrean dagoen irisgarritasun-araudia betetzeko. Nasetako kota aldatzen bada, eskaileretan ere doikuntzak egin behar dira, altuera berrira egokitzeko".

Funtsean, lan hauek egingo dira: nasak eta Donostiako norantzako nasara sartzeko eskailera eraistea eta altxatzea; salmenta-makina eta komunikazio-racka dagoen txabolaren egitura nasaren neurri berrietara egokitzea; nasak eta eskailerak zolatzea, eta Donostiako norantzako nasako gelditze-lerroak eta hormak margotzea.