Gaur arratsaldean egingo da Eibarko Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorrari buruzko azken bilera

Gaur arratsaldean egingo da Eibarko Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorrari buruzko azken bilera
2022/02/15 eta kitto!
Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenaren aurrerapenari buruzko hirugarren eta azken hitzaldi informatiboa egingo dute gaur arratsaldean, 18:00etan Beheko Tokian. Hasierako dokumentua Udalaren webgunean kontsultatzeko aukera dago.

Eibarko udalerriko Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorraren aurrerapen-dokumentua eta hasierako dokumentu estrategikoa apirilaren 11ra arte egongo da jendaurrean, eta herritarrek ordura arteko epea daukate iradokizunak eta proposamenak egiteko.

Aurrerapen-dokumentua eta hasierako dokumentu estrategikoa bai udal webgunean, bai HAPOren berrikuspenaren webgunean argitaratu dituzte.

Horrez gain, Plana idatzi duen taldearekin bilerak egiteko hitzordua eskatu ahal izango dute azalpen osagarriren bat nahi dutenek. Bilerak ostiraletan izango dira eta hitzorduak http://planorokorra-eibar.eus/eu helbidean eskuragarri dagoen formularioaren bidez eskatu behar dira.

Bestela, Aurrerapenari buruzko iradokizunak eta alternatibak, ohiko bideak erabiliz aurkeztu beharko dira: bai tramitazio elektronikoaren bidez, udal webgunean, bai Pegoraren bulegoetara joanda.

Era berean, aurrerapenaren edukia azaltzeko panelak jarri dituzte Errebal Plazia eraikin berrian.