Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenaren aurrerapen-proposamena publiko egin dute

Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenaren aurrerapen-proposamena publiko egin dute
2022/01/18 eta kitto!
Alkatetzatik gaur goizean jakinarazi dutenez, Eibarko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenaren aurrerapen-proposamena jendaurrean jarri da. Dokumentu hori diagnostiko- eta partaidetza-prozesuak egin ondoren idatzi da. Eibartarrek webgunean kontsultatu dezakete edo, bestela, haren laburpen bat ikusi Errebal Plazia eraikinean jarritako paneletan. Aurreratu dutenez, otsailean hiru informazio-saio ireki egingo dira, herritarrei dokumentua aurkezteko.

Alkatetzatik azaldu dutenez, “nahiz eta legeak behartu horrelako dokumentuak herritarrei gutxienez bi hilabetez erakustera iradokizunak eta alternatibak aurkeztu ditzaten, Eibarko Udalak erabaki du Aurrerapenaren proposamena jendaurrean jartzeko epea hiru hilabetekoa izatea, eta, horrela, apirilaren 11ra arte egin ahal izango dira ekarpenak”.

Aurrerapenaren dokumentua eta hasierako dokumentu estrategikoa eskuragarri egongo dira udal webgunean (www.eibar.eus, bai eta HAPOren berrikuspenaren webgunean ere (www.planorokorra-eibar.eus). Halaber, modu presentzialean kontsultatu daiteke, Hirigintzako udal saileko bulegoetan.

Bestalde, Errebal Plazia funtzio anitzeko eraikinaren plaza estalian azalpen-panel batzuk jarri dituzte, modu bisualean, HAPO berriaren proposamena laburtuta ikusi nahi dutenentzat.

Horren osagarri, otsailean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idatzi duen taldeak azalpen-hitzaldi batzuk emango ditu. Lehenengo saioa otsailaren 1ean izango da Armeria Eskolan; bigarrena otsailaren 8an, Coliseo antzokian; eta hirugarrena otsailaren 15ean Beheko Tokian.

Hitzaldi guztiak 18:00etan izango dira, eta edukiera murriztua edukiko dute, indarrean dauden osasun-neurriak betez. Gainera, beste azalpen osagarriren bat nahi duten pertsonek hitzordua eskatu ahalko dute Plana idatzi duen taldearekin bilerak izateko. Hitzordu horiek HAPOren berrikuspenaren webgunearen bidez (www.planorokorra-eibar-eus) eskatu ahal izango dira.

Aurrerapen-proposamenaren dokumentuari buruz egin nahi diren iradokizun eta alternatibak ohiko administrazio-bideetatik aurkeztu beharko dira, alegia, tramitazio elektronikoaren bidez edo udal webgunearen bidez (www.eibar.eus), edo modu presentzialean Pegorako bulegoetan.