Jatorrizko kokalekura, Errebalera bueltatu da Oteizaren "Txopitea ta Pakea"

Jatorrizko kokalekura, Errebalera bueltatu da Oteizaren "Txopitea ta Pakea"
2021/05/25 13:57
eta kitto!
Errebalen lanak hasi behar zituztela eta, 2013ko ekainaz geroztik anbulatorio pareko parkean egon den "Txopitea ta Pakea" eskultura bere jatorrizko kokalekura, Errebalera bueltan eraman dute gaur bazkalostean eta oraintxe bertan behin-betiko egongo den tokian ondo finkatuta lagatzeko beharrean ari dira. Jorge Oteizak bere laguna zen Daniel Txopitearen omenez egindako eskultura 1998an inauguratu zuten eta Oteizak berak agindu zuen non jarri behar zuten: lehengo merkatu plaza zegoen tokian, Coliseo parean kokatu zuten 3.500 kiloko pisua duen brontzezko eskultura, hain zuzen ere Txopiteak Pagaegi kaleko bere estudioa izan zuen tokira begira. Merkatu Plazaren eraikina bota behar zutenean, hasiera batean Alfa Arten gorde zuten eskultura, baina Errebalgo lanak urteetan atzeratzen zirela ikusita 2013an anbulatorio parean ipintzea erabaki zuten, baina beti ere Errebalen lanak amaitzean hara berriz eramateko asmoarekin.