Milioi bat eurotik gora bideratuko ditu Udalak irisgarritasuna hobetzeko eta aisialdirako guneak sortzeko proiektuetara

Milioi bat eurotik gora bideratuko ditu Udalak irisgarritasuna hobetzeko eta aisialdirako guneak sortzeko proiektuetara
ETA KITTO 2021, Ots 02

Udalak Obra eta Hirigintza arloan aurten egingo dituen inbertsio nagusiak ezagutzera eman dituzte gaur goizean egindako prentsaurrekoan Jon Iraola Obra eta Hirigintza zinegotziak eta Ana Telleria Ogasuneko zinegotziak. Esan dutenez, ekitaldi honetarako proiektu garrantzitsuenen artean, Ubitxa eta San Kristobal auzoetako irisgarritasuna hobetuko duten bi igogailu publiko berriak eraikitzea, Mirabasoko baso-lorategia eta Sakun inguruan baratze ludikoak sortzea daude inbertsio nagusien artean eta, horiek gauzatzeko, horietarako 1.300.000 euro inguru erabiliko dira.

Aipatutako bi igogailuak Ubitxa kaleko 2. zenbakiaren aldamenean eraikiko dituzte eta San Kristobal kaleko 21. zenbakiaren pareraino joango dira. Egun batzuk barru, 2021erako Udal Aurrekontua behin betiko onartu eta gero aterako dute obra lehiaketara eta lanek 800.000 euro inguruko kostua izango dute. Jon Iraolak auzo horietako bizilagunek egindako lana azpimarratu nahi izan du eta, bere berbetan, “bi auzoetako bizilagunek egindako lana oso nabarmena eta eskertzekoa da, hasieratik izan baitira proiektuaren benetako bultzatzaileak”.
Aurten egingo diren beste bi proiektu nagusiak, bestalde, Ingurumen arloarekin elkarlanean gauzatuko direla nabarmendu du Iraolak. Mirabasoko baso-lorategia Elkarrekin Podemos udal taldearekin lortutako akordioari esker egingo dute eta, horrekin batera, Sakun inguruan 25/30 ortu egingo dituzte, horien kudeaketa herritarren esku lagata. Esan dutenez, bi proiektu horietarako 500.000 euro erabiliko dira.

Proiektu horiekin batera, Andretxea berriaren proiektua nabarmendu dute eta, esan dutenez, Isasi kaleko 11. zenbakian dagoen eraikinaren barrualdea egokitzeko proiektua lehentasunezkoen artean dago eta EH Bildurekin aurtengo aurrekonturako lortutako akordioari esker gauzatuko da. Aurreratu dutenez, obra horien exekuzioa lizitaziora atera ondoren, Andretxeako instalazio berriei forma emateko lanak hasiko dituzte.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »