Obra saileko hainbat proiektu esleitu dituzte aste honetan

Obra saileko hainbat proiektu esleitu dituzte aste honetan
2021/03/12 eta kitto!
Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Jon Iraola Obra, Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak hainbat obra proiektu esleitzeko Udalak egin berri dituen lizitazio prozesuei buruzko azalpenak eman ditu. Esandakoaren arabera, aste honetan bertan esleitu dira Mekolan eta Arratebiden bi igogailu publiko egiteko proiektuaren idazketa, baita Julian Etxeberria berrurbanizatzeko eta ingurua hobetzeko lanei buruzkoa ere, Muzategi kalearen exekuzio obrarekin batera.

Mekolan eta Arrate Biden igogailu publikoen proiektua idazteko esleipena eguaztenean egin zen eta I-Ingeniaritza eta Arkitektura enpresa arduratuko da proiektua idazteaz. Proiektuaren erredakzioak 27.622 euroko (BEZa barne) kostua izango du eta egiteko epea 13 astekoa da. Iraolaren berbetan, “lehen proiektu honetan, Udalak eta inguruko herritarrek bere garaian gauzatutako parte-hartze prozesuaren barruan lortutako akordioak hartuko dira kontuan. Jarduera honekin, erdigunea Arratebiderekin lotuta geratuko da, bi igogailu publikoren bidez. Horrekin batera, proiektu osoago bat egingo da: batetik, Bildosolaneko txalet zaharraren lursailetan parke bat egingo da, lorategi-espazio libre batekin eta, bestetik, San Juan kalearen atzealdean dagoen gunea berrurbanizatu egingo da”.

Esleitu duten beste proiektuetako bat Julian Etxeberria kalea berrurbanizatzea eta ingurua hobetzea ahalbidetuko duena izan da. Girder Ingenieros S.L. enpresari esleitu zaio proiektuaren idazketa, 34.969 eurotan (BEZa barne) eta 8 asteko epea izango dute proiektua idazteko. Azaldutakoaren arabera, “Julian Etxeberria kalean obra handia egiteaz gain, proiektuak kale horretako eta San Agustin zeharbideko ibilgailuen zirkulazioaren noranzkoa aldatzea eta Toribio Etxebarriako anbulatorioaren inguruko espazioa ahalik eta ondoen aprobetxatzeko azterlan bat egitea aurreikusten du”.

Eta esleitu duten hirugarren proiektua Muzategi kaleko obra egiteko lana izan da: Construcciones Otegui Gaztañaga S.L. enpresari esleitu zaio, 263.021 eurotan (BEZa barne) eta 17 asteko epean hasi eta amaitu beharko ditu lanak.Iraolak esan duenez, “egitasmoak, batetik, Muzategi kaleko eraberritze integrala eta kalearen hobekuntza jasotzen du eta, bestetik, kale hori eta Errebal Plaziak izango dituen hainbat terraza lotzen ditu”. Muzategi kaleko obra hauek Errebal Plazia funtzio anitzeko eraikin berriaren ingurua urbanizatzeko proiektu bateraturan barruan daude.