Udalak 16 garaje-plaza salgai jarriko ditu Asola-Igartzan (Amaña auzoan)

Udalak 16 garaje-plaza salgai jarriko ditu Asola-Igartzan (Amaña auzoan)
2023/02/20 eta kitto!
Eibarko Udalak hasiera eman dio Amaña auzoko Asola-Igartza 10. zenbakiko babes ofizialeko etxebizitzen eraikinean bere jabetzako 16 garaje-plaza salgai jartzeko prozedurari.  Izena emateko epea gaur zabaldu da, hilak 20, eta martxoaren 17an amaituko da (egun hori barne). Aukera auzoan erroldatutako biztanleek bakarrik dute.

Salgai jarriko diren garajeak -1 sotoan (10 plaza) eta -2 sotoan daude (6 plaza). Ezaugarriei dagokienez, haietako 12k 18,65 eta 18,93 m2 arteko azalera dute, eta beste 4ek 14,08 eta 14,88 m2 artekoa. Horrela, plaza handienak 10.672,20 eurotan jarri dira salgai (BEZa barne) eta besteak 8.693,85 eurotan (BEZa barne).

Plazak eskuratu ahal izateko, baldintza batzuk bete behar dira. Interesdunek, pertsona fisikoek, Eibarren erroldatuta egon beharko dute gutxienez 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera, kale hauetako batean: Amaña kalea, Wenceslao Orbea, Karlos Elgezua, Ziriako Agirre, Artegieta, Bustinduitarren, Tiburtzio Anitua edo Asola Igartza.

Gainera, Eibarren Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga ordaintzen duen ibilgailu baten jabe izan beharko dute, eta zergaren ordainketa egunean izan beharko dute; ezingo dira izan kale horietako batean dagoen garaje baten jabe. Parte hartzaile bakoitzak ezingo du eskabide bat baino gehiago aurkeztu.

Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu behar dira, Udalaren web-orrian (www.eibar.eus) edo Pegoraren bulegoetan.

Aparkaleku-plazak zozketa bidez adjudikatuko dira. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Kontratazio Mahaiak onartuen eta baztertuen zerrenda egingo du. Zerrenda hori kronologikoki ordenatuta egongo da, eskabide bakoitza aurkezten den unearen arabera. Hala, onartutako pertsona bakoitzari zenbaki bat emango zaio, eskabidea aurkezteko hurrenkerari dagokiona.

Horrela, Mahaia eratu ondoren, behin-behineko zerrenda udal-webguneko Kontratatzailearen Profilaren atalean argitaratuko da. Hura argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita 10 egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izango dira. Jendaurrean jartzeko epea amaitu eta alegazioak ebatzi ondoren, behin betiko zerrenda onartu, eta plazak hautatzeko zozketa publikoa egingo den eguna, lekua eta ordua finkatuko dira.

Zozketan, poltsa batetik aterako da zenbaki bat. Zenbaki hori atera duen pertsona izango da plaza bat hautatu ahal izango duena.  Beste aparkalekuak, lehen zenbakitik gorako hurrenkerari jarraituz aukeratuko dira.  Plazak aukeratzeko, zozketako saridunak banan-banan deituko dira, zozketaren hurrenkeran.