Untzagatik Azitainera martxa antolatu du "No al paseo que nos entierra-Ekialdea Bai" elkarteak zapaturako

Untzagatik Azitainera martxa antolatu du "No al paseo que nos entierra-Ekialdea Bai" elkarteak zapaturako
2022/03/28 eta kitto!
“No al paseo que nos entierra-Ekialdea Bai” elkarteak auzo-martxa antolatu du apirilaren 2rako, zapaturako. Martxa Untzagan hasiko da, 12:00etan, eta handik abiatuta Toribio Etxebarria, Errebal, Arragueta, Urkizuko parkea, Barakaldo, Barrena eta Azitain kaleetatik igaroko da, autopistaren sarrerara ailegatu arte.

Horrela, Estaziño eta Azitain arteko trenbidea estaltzeko proiektuaren aurka daudela aldarrikatu nahi dute beste behin ere: “Ez dugu ekialdeko bizilagun askoren ongizatea hipotekatuko duen hormigoizko eraikin erraldoi bat eraikitzerik nahi. Gainera, uste dugu proiektu honek kostu ekonomiko oso handia eta guztiz neurrigabea duela”.

Adibide gisa, Azitain eta Maltzaga arteko bidegorria egiteko aurrekontua ekarri nahi dute gogora: 2,1 kilometroko bideak 5.100.000 euroko kostua izan du. Auzo-elkartetik adierazi dutenez, “kopuru hori oso handia izanik, trazadurak bere konplexutasuna zuela aitortzen dugu, eremuaren orografia eta konplexutasunagatik. Estaziño-Azitain pasealekuak, berriz, kilometro bakarrerako 18.000.000 euroko aurrekontua du. Neurrigabekeria izugarria da; eta horrek dakarren zentzugabekeriaren ideia bat ematen digu, nahiz eta esan obra Europako funtsekin finantzatuko dela. Europako dirua, jakina, ez da zuhaitzetan hazten; eta oraindik udaleko politikari bakar bat ere ez da gai izan eibartarroi zehazteko zer diru kopuru eta zer interesi itzuli behar diogun argitzeko. Europako funtsen erdia baino gehiago dagozkien interesekin bueltatu behar diren maileguak dira, hau da, ez dira opariak. Ondorioz, hurrengo belaunaldien (next generation) zorpetze publikoa dakar”. Ekialdea Bai elkartekoen ustez, “denona den dirua modu egokiagoan eta inteligenteagoan erabiltzeko modu bat dago: Eibarko kaleetan pasealekua eta bidegorria eraikitzea, Barrena kaleari protagonismo berezia emanez”.

Bestalde, zapatuko martxan Azitain-Maltzaga bidegorriaren puntu beltza salatu nahi ddute: “Autopista sarrera/irteeran dagoen tarte hori arriskutsua da. Udalak neurriak har ditzala eskatzen dugu, inork nahi ez duen ezbeharren bat izan baino lehen. Eibartarrok pasabide segurua merezi dugula uste dugu”.

Horregatik guztiagatik, nahi duten eibartar guztiak Untzaga eta Azitain arteko martxan parte hartzera gonbidatzen dituzte.