Urtarrilaren 16an hasiko dira Pagaegi-Jardiñeta aldea berrurbanizatzeko lanak

Urtarrilaren 16an hasiko dira Pagaegi-Jardiñeta aldea berrurbanizatzeko lanak
2023/01/09 18:28
eta kitto!
Datorren urtarrilaren 16an hasiko dira Pagaegi inguru osoa eta kale horrek Jardiñeta, Ibargain eta Muzategi kaleekin dituen elkarguneak berriz urbanizatzeko lanak . El Cascoko etxebizitza-sustapen berriaren ardura duen ACR enpresak egingo ditu. Lanen ondorioz, irisgarritasuna hobetuko da oinezkoen erabilerarako urbanizazio egokituago batekin eta hornidura-sare guztiak berrituko dira (telekomunikazioa, saneamendua, ura, elektrizitatea, gasa eta argiteria).

Helburua da etxebizitza-urbanizazio berriaren inguru osoaren irisgarritasuna hobetzea, oinezkoen erabilerarako egokitutako ibilbideak sortuz. Obrak fasetan egingo dira eta bederatzi hilabeteko iraupena izango dute, “hormigoizko hormak jaso beharko baitira aurreikusitako ibilbideak egiteko. Bestalde, oinezkoen joan-etorria uneoro bermatu behar denez, lanak 4 fasetan egingo dira”, azaldu dute Udaletik.

Proiektuari esker, bestalde, Ibargain eta Muzategi kaleen arteko konexioa hobetuko da, ibilgailuentzako bideak dituen sestra-aldaketak saihestuz; eta ibilbide irisgarria egokituko da, Ibargain kalea Pagaegirekin lotzen den lekutik hasita Jardiñeta  kaleraino.

Ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioan ahalik eta eragin txikiena izateko moduan egingo dira lanak. Edozelan ere, “ibilgailuen trafikoa moztuta geratuko da Pagaegi eta Jardiñeta kaleen artean; hala ere, Muzategi kalera joateko pasabidea une oro egongo da zabalik.  Jardiñetako igogailurako pasabidea ere beti zabalik egongo da”, esan dute.

Lau fase, bederatzi hilabete
Zehazki, obren lehen fasean, moztuta egongo da ibilgailuen zirkulazioa Jardiñeta kaletik, eta oinezkoak bakarrik ibili ahal izango dira. Ibilgailuen trafikorako Pagaegi kaletik Muzategirako sarbidea zabalik egongo da. Bigarren fasean, bai ibilgailuen trafikoa, bai oinezkoena, biak Jardiñetatik Muzategirakoak izango dira, Ibargaindik eta Pagaegitik  pasoa itxita egongo da-eta. Hirugarren fasean, bai ibilgailuen trafikoa, bai oinezkoena, biak Jardiñetatik Muzategirakoak izango dira, orduan ere Ibargaindik eta Pagaegitik pasoa itxita egongo da-eta. Eta, azkenik, laugarren fasean, trafikoa moztuta egongo da Jardiñeta kalean, eta bakarrik oinezkoen joan-etorrirako egongo da zabalik. Ibilgailuen trafikorako, bakarrik  Pagaegitik Muzategira joateko zatia egongo da zabalik.

Inguruko bizilagunek obren nondik norakoaren berri unean-unean izan dezaten, fase bakoitza hasi baino lehen, aurreko egunetan, fase horien ardura duen enpresak kartelak jarriko ditu obren eraginpean geratuko den eremu osoaren pegoretan. Kartel horietan, zirkulazioan izango diren aldaketak eta ibiltzeko edo igarotzeko aukera guztien berri emango da.