Hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen eusLider egitasmoa lantzen dihardute DBH-ko ikasleekin

Hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen eusLider egitasmoa lantzen dihardute DBH-ko ikasleekin
2018/11/05 eta kitto!
AEK-Ahize hizkuntza zerbitzuak, Eibarko Udalak, AKEBAI plataformak eta ikastetxeek elkarlanean dihardute eusLider egitasmoan. Proiektuak gazteen hizkuntza ohituretan eragitea eta euskara gehiago erabiltzearen aldeko aldaketa sustatzea lortu nahi du eta Eibarko BHIko lau ikastetxeetan (Aldatzen, Itzion, La Sallen eta Ignazio Zuloaga institutuan) DBH 3. mailako ikasle guztiak ari dira parte hartzen, 250 bat ikasle guztira.

Egitasmoko arduradunen berbetan, “hizkuntza ohiturak modu atsegin eta dibertigarrian aldatu daitezke, ez da ezinezkoa eta ez du zertan aspergarria izan behar. Horretarako, eta parte hartzaileen interes arlo eta motibazioetatik ahalik eta gertuen, helburu hauek lortu nahi dittugu: hizkuntzekiko begirune handiagoa izatea, hizkuntza portaera berriak sortzea eta gazteen hizkuntza-lidergoa indartzea”. Aipatutako helburu horiek lortzeko, egitasmoak hiru fase dauzka: “Lehen fasean, erakundearen atxikimendua eta parte hartzaileen jakin-mina asetzeko kanpaina egiten da. Bigarren fasean aurrez aurreko hiru saio burutzen dira ikasleekin. Saio horietan portaeran aldaketa eragin dezaketen faktoreak lantzeko informazio esanguratsua ematen zaie, aldatzeko motibazioa landu eta horren beharra ikusarazteko. Hau da, aldaketa sustatzen da eta horretarako ereduak eta baliabideak eskaintzen zaizkie. Aldaketa egingarria dela ikusteko eta trabak gainditzeko prestakuntza ematen diegu, besteak beste. Eta hirugarren fasean aurrez aurreko hiru saio gehiago egiten ditugu, izena eman duten boluntarioekin. Saio hauetan ekintza sozial bat garatzeko lanketa egiten da eta, amaitzeko, ikasleek aukeratutako ekintza burutzen da”.

Aste honetan eta hurrengoan, bigarren faseko azken saioak egingo dituzte Eibarren eta gaur Itzioko ikasleen txanda izan da. Saioa amaitu eta jarraian, proiektuan parte hartzen ari diren ikasleekin argazkia egin dugu ikastetxearen sarreran. Bihar gauza bera egingo dute Ignazio Zuloaga institutukoekin, etzi Aldatzekoekin eta datorren asteko martitzenean La Salle ikastetxekoekin.

eusLider