Hondakinak era desegokian edukiontzietara botatzen dituztenei zigor espedientea irekiko zaie

Hondakinak era desegokian edukiontzietara botatzen dituztenei zigor espedientea irekiko zaie
2023/01/05 eta kitto!
Debabarreneko Mankomunitateak birziklapen ohituren azterketa egiten dihardu, edukiontzi marroian hondakin desegoki ugari antzeman ondoren. Gauzak horrela, eta hondakinen birziklapena areagotzea eta ez oztopatzea helburu, hondakinak era desegokian edukiontzietara botatzen dituzten herritarrak identifikatuz gero, zigor espedientea irekiko zaie. Izan ere, ekintza hori lege hauste arin moduan tipifikatzen du Mankomunitateko ordenantzak eta arau hauste horrek 600 eurora arteko isuna izan dezake.

Urriaren amaieran hasi ziren mankomunitateko langile bi edukiontzi marroitik organikoak ez diren hondakinak ateratzen. Horretarako, hainbat puntu kritiko identifikatu zituzten herri bakoitzean, eskualde osoan guztira 62 direlarik.

Aste batean zehar udalerri bakoitzeko edukiontzi puntuak aztertu ondoren, Debabarrena osoan 3.295 poltsa desegoki aurkitu ditu Mankomunitateak edukiontzi marroian eta horietako 1.319 Eibarren izan dira. Izan ere, gure herrian 21 puntu kritiko ditugu.

 

Herritarren inplikazioa areagotu gaikako bilketan

Mankomunitateak prentsa-ohar batean azaldu duenez, “datu kezkagarri horiek ikusita, identifikatutako puntu kritiko horietan birziklapen ohituren jarraipen estua egiten ari da Mankomunitatea, eta hala jakinarazi die inguruko bizilagunei etxeetako atarietan jarritako jakinarazpen bidez”.

Debabarreneko Mankomunitatearen helburua da herritarren inplikazioa areagotzea da gaikako bilketari dagokionez, eta elkarlanean murriztea edukiontzi marroian uzten diren hondakin desegokiak, hau da, biohondakinak ez direnak.

Zigorrei dagokienez, zera dio erakundeak: “Mankomunitateak berretsi du inoiz ez dela bere asmoa izan neurri zigortzaileak jartzea, baina bere eginbeharra dela hondakinak behar bezala bereizten dituzten pertsonen lana babestea eta balioan jartzea, pertsona horien dedikazioa beste herritar batzuen jokabide okerrek ezabatzen baitute egun”.