Hondakinak murrizteko eta materialak berrerabiltzeko eta birziklatzeko tailerren beste edizio bat antolatu du Udalak

Hondakinak murrizteko eta materialak berrerabiltzeko eta birziklatzeko tailerren beste edizio bat antolatu du Udalak
2022/05/16 13:02
eta kitto!


Eibarko Udaleko Ingurumen Saila hondakinak murrizteko eta berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko tailerren edizio berri bat antolatzen ari da.  Iaz, zazpi saltokik eta elkartek eman zituzten tailerrak ‘Berrerabili eta Berrasmatu’ programan, eta 86 pertsonak hartu zuten parte. Horregatik, ‘Berrerabili eta Berrasmatu’ ekimenaren bigarren edizioa diseinatu eta garatzeko, Ingurumen Sailak ideiak planteatu nahi dituzten saltokien eta elkarteen ahalik eta proposamen gehien jaso nahi ditu. Interesa duten saltokiek eta elkarteek programa honetan egin daitezkeen tailer-proposamenak aurkeztu beharko dituzte, honako estekan eskuragarri dagoen formularioa betez: https://formularioak.eibar.eus/es/proposamenak2022 (gaztelaniaz) edo https://formularioak.eibar.eus/eu/proposamenak2022 (euskaraz), jada eskuragarri daudenak gaurtik aurrera udal webgunean.  Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 31n amaituko da.

Iazko edizioan eibartarrek interes handia erakutsi zuten ekimen honekiko, eta esperientzia pilotuaren balorazioak oso onak izan ziren; baita Ingurumen Sailaren apustua ere hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko jarduerak sustatzen jarraitzeko. Zentzu honetan, 2022-23 ikasturteari begira, jarduera-egutegi zabalagoa ezarriko da.

Horren harira, Jon Iraola alkateak hauxe nabarmendu du: “Eibarko Udaletik hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko ekimenak bultzatzen jarraitu nahi dugu, eta argi daukagu horretarako ezinbestekoa dela herritarrak eta hiriko sektore eta kolektiboak inplikatzea. Jabetu behar dugu ingurune jasangarria lortzea guztion lana dela eta, xede hori gogoan, hauek bezalako tailerrek eskaintzen dizkiguten tresnen bidez ingurumenaren aldetik ohitura jasangarriak ikas ditzakegula.”

Iaz zazpi saltoki eta 86 parte-hartzaile

Udalak mota horretako tailerren esperientzia pilotua bultzatu zuen 2021eko udazkenean. Ekimena ‘Hondakinak Murrizteko Europako Astea’ren testuinguruan jarri zen martxan, eta, besteak beste, Udalaren helburu estrategiko bati erantzuten zion: jasangarritasuna Udalaren identitate-zeinuetako bat izatea, helburu horretan herriko biztanle eta ehun ekonomiko eta sozial guztia inplikatuz. ‘Berrerabili eta Berrasmatu’ tailerren lehen edizioa Udalaren eta Egoaizia GGKEren artean antolatu zen, eta herriko zazpi saltokik eta elkartek hartu zuten parte; horiek izan ziren tailerrak eman zituzten saltokiak eta elkarteak.





Zortzi tailer mota egin ziren, eta materialen murrizketa, berrerabilpena eta birziklapena hainbat dinamikaren bidez landu zen: altzarien eta objektuen zaharberritzea; apaingarriak, osagarriak eta jostailuak sortzea; tapizatzea; elikagaiak murriztea; eta bizikleten oinarrizko mantentzea. Guztira, 248 pertsonak eman zuten izena, eta plazak murriztuak zirenez, azkenean 86 pertsonak parte hartu ahal izan zuten.  Hala, egindako lanari esker, talde txikitan elkartzeko guneak sortu ziren, zeinetan objektuei, materialei eta elikagaiei, sormena erabiliz, bigarren bizitza bat ematea lortu zen, kontsumo arduratsuari eta ekonomia zirkularrari balioa emanez.

Tailerren balorazioa oso ona izan zen, bai eman zutenen aldetik, bai bertan parte hartu zutenen aldetik ere. Eta, hain zuzen, parte-hartzaile askok proposatu zuten ekimenari jarraipena ematea, eta tailerren eskaintza eta iraupena handitzea. Horregatik, emaitza eta balorazio positibo horien ondorioz, Ingurumen Sailak errepikatu egingo du esperientzia.