Ibilgailu klasikoen kontzentrazioa egingo da domekan Untzagan

Ibilgailu klasikoen kontzentrazioa egingo da domekan Untzagan
2019/09/26 eta kitto!
San Kristobalgo jai batzordeak antolatuta, domekan Ibilgailu klasikoen Eibarko II. Kontzentrazioa egingo da Untzagan. Iaz lehen aldiz egin zen kontzentrazioaren harira 25 automobil elkartu ziren eta, hori ikusita, aurtengoan automobilak erakusteko plaza biak erabiltzea aurreikusi dute antolatzaileek. Diotenez, “Eibarren eta inguruko herrietan automobil klasikoen inguruko zaletasun handia dago eta jendeak oso ondo zaintzen ditu”. Kontzentrazioan parte hartu ahal izateko automobilek gutxienez 30 urte izan beharko dituzte.

Egitaraua 09:30ean hasiko da, parte-hartzaileen izen-ematearekin. Ondoren, 11:30ean Untzagatik irten eta ondoko ibilbidea beteko dute: Eibar-Elgeta-Kanpazar- Arrasate-Bergara-Soraluze-Eibar. Eta 12:30etik 14:30era Untzagan egongo dira automobilak, nahi duten guztiek ikusteko moduan. Horrekin batera, ibilgailu klasikokoei buruzko stand tematikoak (miniatura, arropa, liburuak...)eta  bigarren eskuko azoka txikia ere egingo dituzte (azken honetan parte hartzeko interesa duenak sankristobalkojaiak@gmail.com helbidera idatzi dezake informazio gehiago eskatzeko).