Igelaren Banda hartuko du Coliseo antzokiak gaur iluntzean

Igelaren Banda hartuko du Coliseo antzokiak gaur iluntzean
2019, Ots 15

Gaur 20:30ean hasiko da Igelaren Bandaren kontzertua Coliseoan. 2011. urteko udaberrian abiatu zen taldea Bixente Martinez eibartarrak, Hasier Oleagak eta Amaiur Cajaravillek osatzen dute gaur egun. 2013. urteko martxoan aurkeztu zuen “Preguntatxo bat” izeneko diskoa (Elkar) eta 2015ko udazkenean “Debalde festa” izenekoa (Elkar). Diskoa bertsolariek erabiltzen dituzten doinuei dedikatuta dago. Igelaren Bandari inprobisazioa asko gustatzen zaio, bertsolariei bezala, eta hortik lan horren arrazoietako bat. Taldekideen berbetan, “`Debalde festa´ honetan hitzik gabeko bertsoak egin nahi izan ditugu. Modu guztiz librean tratatu ditugu doinuok, inprobisazioari leku handia utziz. Gure kontzertuetan ere leku handia du inprobisazioak, eta horrek bihurtzen ditu bereziak, beti ezberdinak direlako”. Une honetan kantu berriak ari da prestatzen Igelaren Banda, eta horien artean Izukaitz Eibarko taldeko kantu batzuk daude, oraingo zuzenekoetan jotzen ari direnak. Sarrerak 8 euro balio du (6 euro Coliseoaren Laguna txartelarekin).

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »