Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea egingo da gaur, 20:00etan Untzagan

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzea egingo da gaur, 20:00etan Untzagan
2019/11/25 eta kitto!
Aurten ere Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Adierazpenarekin bat egin du Eibarko Udalak eta herritarrei dei egiten die gaur (astelehena, azaroak 25), 20:00etan Untzaga plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera. Gaurko kontzentrazioaz gain, azaroan zehar garatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte, "A25 Indarkeria sexisten aurrean: Autodefentsa Feminista!" programaren barruan.

Gaur bertan, elkarretaratzearen aurretik, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat prestatu duten "Txoko Lila: txikitatik berdintasunaren alde lan eginez" izenekoa egingo da Untzagan, 17:00etatik 19:00etara. Bihar, berriz, 18:00etan hasiko da Samara Veltek idatzitako "Nik sinisten dizut. Bortxaketaren kultura eta Sanferminetako kasua" liburuaren aurkezpen ekitaldia (euskeraz), Portaleko areto nagusian. Eta eguenean (azaroaren 28an) "Emakumeen superbibentzia eta errebelioa gatazka armatuan" dokumentalaren emanaldia eta solasaldia hartuko ditu Portaleko areto nagusiak, 19:00etan, Aura Marina Yoc Cosajay Guatemalako Aldaketa Aktoreen Kolektiboko kidearen eskutik.



Bestalde, hilaren 29an eta 30ean Sexu-Bizi zerbitzua (informazio eta babeserako gune segurua) eskainiko dute Untzagan, 00:00etatik 03:00etara. Interesa dutenek 688853440 zenbakira ere deitu ahal izango dute era guztietako kontsultak egiteko. Eta, amaitzeko, herritar guztiei gogorarazi nahi zaie puntu lilaren kanpaina abian dela: “Emakumeenganako indarkeriaren kontrako sinbolo edo ikurra da puntu lila. Sinbolo hori publikoki erakusteak berarekin dakar emakume eta gizonen arteko berdintasun eza oinarri duen era honetako indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa”.