Lurraldebusek gaueko zerbitzu bereziak eskainiko ditu Soraluzeko jaietarako

Uztailaren 24tik 25erako gauean autobusak bi orduro ibiliko dira Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Osintxu, Soraluze eta Eibar artean.
Lurraldebusek gaueko zerbitzu bereziak eskainiko ditu Soraluzeko jaietarako
2026/07/17 13:25
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Lurraldebuseko zerbitzu bereziak jarriko ditu martxan Soraluzeko jaiak direla eta. Zerbitzu bereziak uztailaren 24tik 25erako gauean eskainiko dituzte, eta autobusak bi orduro ibiliko dira Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Osintxu, Soraluze eta Eibar artean, bi noranzkoetan.

Aretxabaletatik autobusak 00:00etan eta 02:00etan irtengo dira, eta azken zerbitzua Arrasatetik abiatuko da 04:10ean. Ibilbidean Bergaran, Osintxun eta Soraluzen geldialdiak egingo dituzte, eta Eibarrera 00:50ean, 02:50ean eta 04:50ean iritsiko dira.

Kontrako noranzkoan, autobusak Eibartik 01:00etan, 03:00etan eta 05:00etan irtengo dira. Soraluzen, Osintxun, Bergaran eta Arrasaten gelditu ostean, Aretxabaletara 01:50ean eta 05:50ean iritsiko dira.

Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuaren esanetan, zerbitzu bereziaren helburua da herritarrek ibilgailu pribatua erabili beharrik gabe jaietara joateko aukera izatea. Haren ustez, horrela mugikortasun jasangarria sustatzeaz gain, segurtasuna handitu eta trafikoaren zein aparkalekuen gaineko presioa murrizten laguntzen da.

Zerbitzuen ordutegi osoa Lurraldebusen webgunean eta erabiltzaileentzako arreta-telefonoan (900 300 340) kontsulta daiteke.