Iñigo Ugarteburu: “Argi daukat nik nahi dudan guztia egiteko gaitasuna daukadala”

Iñigo Ugarteburu: “Argi daukat nik nahi dudan guztia egiteko gaitasuna daukadala”
ETA KITTO 2021, Mar 25

21 urteko gazte eibartarra da Iñigo Ugarteburu. Aldatze ikastetxean hasi zituen ikasketak, ondoren Itzion egin zituen urte batzuk, eta, azkenik, GUREAK taldeak eskainitako administrazio-ikastaroa burutu zuen. Behin hori lortuta, Donostian eman zuen denboraldi bat “Pauso Berriak” ekimenean parte hartzen, helburu zuena adimen desgaitasuna zuten pertsonak euren garapen pertsonal eta soziala ahalbidetuko zuten lanpostuetan txertatzea. Egun, Eibarko EUKI enpresan dihardu Iñigok lanean.

Zenbat denbora daramazu lanean?

Urtebete daramat Euki enpresan lanean. 2020ko otsailean hasi nintzen, eta duela gutxi berriztu didate lan-kontratua, oso gustura omen daudelako nirekin; langile fina naizela esaten didate.

Lanean hasi berri harrapatu zintuen pandemiak. Nola eraman duzu egoera?

Etxealdia oso gogorra izan zen denontzat, baina niretzat are gehiago. Lanean hasi bezain pronto eman zuten itxialdi-agindua eta etxetik ezin nuenez lan egin, nire lan-jarduna etenda geratu zen. Dena amaitu zenean eta berriro ere lanean hasteko aukera izan nuenean, biziberrituta eta atseden hartuta sentitu nintzen.

Zein da zure eginkizuna Eukin?

Goizeko 9:00etatik eguerdiko 13:00a arte egiten dut lan. Oso ordutegi erosoa daukat, ez naiz kexatzen. Egunero lantokira, Toribio Etxebarria kaleko bulegora, iristean, nire maleta bete eta Ifarkaleko beste ofizinara joaten naiz bestelako gutun edo paper bila. Gero, Correosera, Ogasunera, Mankomunitatera… joaten naiz, eta, gainera, dokumentuak artxibatzen ditut.

Zein harreman daukazu zure lankideekin?

Amorru handia ematen dit bizi dugun osasun-egoeraren erruz ezin izatea nire lankideak besarkatu eta musukatu, oso maitekorra naiz eta. Lankide guzti-guztiekin daukat oso harreman ona, baina bereziki nabarmendu nahiko nuke Lara (sister) eta Sheilarekin daukadan hartu-emana. Oso lankide onak dira, beti laguntzeko prest daude, eta oso bihotz onekoak dira biak. Hemendik musu bana bidaltzea gustatuko litzaidake; oso pertsona bereziak dira nire bizitzan. Ahaztu gabe lanean ikasi dudan guztia nire izekori zor diodala, berak ere Eukin egiten baitu lan.

Zein ekarpen egiten dizu zure lanak profesionalki? Eta pertsonalki?

Lankideekin harremana izaten ikasi dut, gainera, egunero-egunero altxatu eta lanera joateko motibazioa izateak asko laguntzen dit. Horrez gain, nire lanarekiko konpromisoa hartu dut, eta nire aldetik dena ematen dut egitekoak ondo burutzeko. Oso gogobetegarria da lankideek asko hobetu dudala esatea, eta esfortzu handia egiten dut hori horrela izan dadin.

Aste osoan zehar lanean aritu ostean, zer gustatzen zaizu egitea asteburuetan?

Ostiral eguerdia iristen denean, lanetik irten eta deskantsatzea gustatzen zait. Eibarren oso ohikoa da “poteatzera” irtetea, eta niri asko gustatzen zait hori egitea. Horrez gain, oso gustuko dut nire kuadrillarekin eta baita nire arrebaren lagunekin ere egotea; gurasoekin planak egitea; nire iloba Hugorekin jolastea; amonak bisitatzea…

Igandean ospatu zen Down Sindromearen nazioarteko eguna. Egun horrek zer esaten dizu zuri?

Jende askok gutxiesten ditu Down Sindromea duten pertsonak, eta nik jende horri guztiari esan nahiko nioke Down Sindromea dugunok nahi dugun guztia egin dezakegula. Nik neuk autokritika egiten dut eta badakit burugogorra eta oldarkorra naizela, baina uste dut ezaugarri horiek edozeinek izan ditzakeela. Argi daukat nik nahi dudan guztia egiteko gaitasuna daukadala, oso bihotz irekia eta ona daukadalako. Jende askok dio nik daukadana gaixotasuna dela, baina gustatuko litzaidake argitzea hori ez dela horrela: txantxak egiten ditut, barre egiten dut, lagunak ditut… Beste edozein pertsona bezalakoa naiz.

Begiak ixten badituzu, non ikusten duzu zure burua 10 urte barru?

Etorkizunean ere Euki enpresan lanean jarraitzea gustatuko litzaidake, oso gustura nago eta.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »