Itsas-garraioko bi edukiontzik eguneroko gauzak berrerabili eta birziklatzearen garrantzia erakutsiko dute

Itsas-garraioko bi edukiontzik eguneroko gauzak berrerabili eta birziklatzearen garrantzia erakutsiko dute
ETA KITTO 2017, Urt 12

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Obra Publikoak Sailak eta Emaus Fundazioak antolatutako “Bete dezagun bizitza oroigarriekin” kanpaina ibiltaria Eibarrera iritsi zen atzo, eta datorren igandera arte (urtarrilak 15) bisitatu ahalko da, Untzaga plazan, harmailen tokian. Helburua herritarrak  hondakinen sorrerarekin lotutako arazoetaz kontzientziatzea da, eta, aldi berean, hondakinak prebenitzeko beharraz ohartaraztea.

Jon Iraola Eibarko Udaleko Ingurumen saileko zinegotziaren hitzetan, “kanpainak berrerabiltzearen garrantzia erreminta moduan hurbildu nahi die herritarrei, eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun gauzak –liburuak, altzariak, arropa eta bestelakoak– zabortegian amaitu dezaten saihesteko euren balio-bizitza agortu gabe”.

Helburu hori lortzeko itsas-garraioko bi edukiontzi berrerabili eta prestatu dituzte eta Emaus Fundazioaren berrerabiltze lanen erakusketa hartuko dute ematen dituzten ingurumen- eta gizarte-abantailen erakustaldi bezala; ume zein helduentzat berrerabiltze eta heziketa popularreko tailerrak garatuko dira eta beste gauzak salduko dira. Berrerabiltzearen eta birziklatzearen abantaila handienak erakutsiko dira “ekonomia zirkularraren” ezinbesteko formulak bezala; horrek ez ditu arriskuan jarriko ez dagokizkigun baliabide naturalak ezta datozen belaunaldiei eman behar dizkiegunak ere.

“Bete dezagun bizitza oroigarriekin” honako ordutegian egongo da zabalik: 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era igandera arte.

Kanpaina Donostian eta Irunen ere burutu da aurreko azarotik eta Gipuzkoako beste udalerri batzuk bisitatuko ditu 2017ko otsailaren 17ra arte. 2016ko azaroaren 19tik 26ra bitartean, Europar Batasunean egindako Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan kokatzen da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »