200 haurrek hartu dute parte ekainaren 24ko danborradan

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
200 haurrek hartu dute parte ekainaren 24ko danborradan
ETA KITTO 2022, Eka 21

Ohitura den bezala, Untzagan hasi eta amaituko da danborrada San Juan egunaren bezperan. Plazan bertan hasiko dira jotzen, gauerdian, San Juan egunaren lehen minutuetan: “San Juan ereserkiarekin” hasiko dira danbor hotsak, Eibarko Musika Bandak lagunduta. Bertan “Diana”, “Donostiako Martxa”, “Pantxika” eta ohikoak diren beste kantu batzuk jo eta gero, Urkizuraino kalejiran joango dira, atzera ere Untzagara buelta egiteko. Bidean Calbeton, Bidebarrieta, Arragueta, Ibarkurutze, Errebal eta Toribio Etxebarria kaleak zeharkatuko dituzte.

Aurten ere Juan Luis Baglietto “Manli” izango da Danbor Nagusia eta Marruko kainoiaren eztanda ere entzungo dugu, plazan bertan bi salba botako dituzte eta. Bestalde, Jon Iraola alkateari lehen aldiz egokituko zaio zuzendari lanetan aritzea, Untzagatik irten aurretik. Ignazio Zuloagaren omenez apaindutako karroza gainean, berriz, Udal Dibujo Eskolako ikasle eta irakasleak, tartean karroza urtero apaintzen duen Leire Kareaga joango dira oraingoan.

Umeen danborrada
Umeen txanda 24an, San Juan egunean ailegatuko da. Betiko moduan, 19:00etan hasiko da, parte hartuko duten 200 haurrak elkartu eta jarraian. Urkizutik irten aurretik, bertan “Diana” eta “Pantxika” joko dituzte eta “Tatiago” kantuarekin irtengo dira, Ustekabe fanfarreak lagunduta. Lehen geldiunea Ibarkurutzen egingo dute: “Retreta”, “Mutriku herria”, “Danborren polka” eta “Hau dek hau” eskainiko dituzte bertan. Ondoren, 20:00ak aldera ailegatuko dira Toribio Etxebarria kalera eta, “Eibarko Martxa” jo eta gero, atseden hartuko dute, zerbait jan eta edateko.

Amaitu eta jarraian “Idiarena”, “Debako Martxa” eta “Hau dek hau” joko dituzte.  Eta, Untzagara ailegatzean, pregoia irakurri eta han amaituko dute emanaldia, harmailetan daudenentzat jotzen: “Diana”, “Pantxika”, “Idiarena”, “Debako Martxa”, “Donostiako Martxa” eta “Tatiago” piezak eskainiko dituzte bertan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »