Aratosteak ospatzeko prestatu duten behin betiko egitaraua zehaztu du Udalak

Aratosteak ospatzeko prestatu duten behin betiko egitaraua zehaztu du Udalak
2022/02/21 eta kitto!
Udalak dagoeneko zehaztu du 2022ko Aratosteetarako behin betiko programa. Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren pandemiarengatik aplikatutako murrizketak indargabetzeko erabakia dela-eta, orain arte aurreikusita zeuden jarduerei eutsi eta berri batzuk gehitzea erabaki du Udalak, baina, hala ere, programa batez ere eguneko ordutegian egiteko jarduerek osatuko dute, “ahal den neurrian jende-pilaketak murriztuz eta luzaroan toki berean egotea saihestuz, eta beharrezko prebentzio-neurriak hartuz, hau da, segurtasun-distantzia zaindu ezin den jardueretan maskarak erabiltzea gomendatzen dugu”.

Egitaraua, berez, zapatuan hasi zen, Kezka Dantza Taldearen Koko-dantza eta koko-eskearekin. Eguen Zurian (otsailaren 24an) ikastetxe bakoitzak bere jarduerak egingo ditu eta, horrez gain, Jainaga eta Narbaiza trikitilariek kalejira egingo dute Urkizutik Untzagara eta, ondoren, Mugi Panderoa taldeak girotutako erromeria hasiko da Untzagan.

Barixaku Erregularrean, 20:00etan abiatuko da Urkizutik Kaldereroen kalejira, Untzagaraino. Besteak beste Kezka dantza taldeak eta Ustekabe fanfarreak hartuko dute parte.

Aratoste Zapatuan, berriz, 12:30ean, kaleko rock emanaldiarekin eta Ustekabe fanfarrearen kalejirarekin girotuko dituzte kaleak. Gainera, 18:00etatik 21:30era, Alaiki taldeak haurrendako dantzaldia eskainiko du Untzagan. Eta, kaleak musikarekin girotzeko, 19:00etatik aurrera Funky Brass Band taldearen saioa hasiko da. Gauean, berriz, 23:30etik goizaldeko 02:00etara, bigarren berbena bat egingo da, Alaiki taldearekin. Dantzaldi bien kasuan, Udalak bertaratutakoen artean maskaren erabilera kontrolatuko duela eman dute aditzera.
Aratoste Domekan, Usartza Txistulari Taldeak kalejira egingo du, 11:00etan, eta 17:00etan hasiko da …eta kitto! Euskara Elkartearen play-back lehiaketa digitala.

Aratoste Martitzenean (martxoak 1) amaituko dira ospakizunak, Ustekaberen kale-animazioarekin.

Bestalde, Aratosteetan dotoreen apaindutako taberna lehiaketa antolatu dutela gogorarazi nahi dute. Parte hartu nahi duten tabernek eguenera arte (otsailak 24) eman dezakete izena, https://formularioak.eibar.eus/eu/ondoenapaindutaberna2022-01 estekaren bidez.