[ARGAZKIAK] Ohiturari jarraituz, San Juan sorbak eraman dituzte Azitaingo elizara bedeinkatzera

[ARGAZKIAK] Ohiturari jarraituz, San Juan sorbak eraman dituzte Azitaingo elizara bedeinkatzera
2021/06/24 eta kitto!




Eibarko ohitura zaharrari jarraitu diote askok gaur ere eta San Juan sorbak eraman dituzte Azitaingo elizar, goizean ospatu den mezan bedeinkatzera. Tradizioaren arabera, San Juan egunean bedeinkatutako sorbak urte osoan gordetzen dira, hurrengo urteko San Juan egunean erretzeko. Antzina, egun horretan Arratera joaten ziren baserritarrak sorbak bedeinkatzera. Gero Ospitaleko kaperara eramaten hasi ziren, hantxe dagoelako Untzagako ermita zaharrean zegoen San Juanen irudia. Eta gaur egun Azitaingo elizan bakarrik bedeinkatzen dira sorbak, San Juan egunez egiten den mezan.




Elizara joan barik ere badago ohitura, bezperan, gauez, sorbak kanpoan laga eta, ilargiari begira jarrita, ihintzarekin bedeinkatzeko. Aurten bedeinkatutako sorbak lehortzen lagako dituzte, datorren urteko San Juan suan erretzeko.

Ohitura da, gainera, sutara botatzeko orduan honako hau esatea:

“San Juan, San Juan


Arrautza bi kolkuan


Beste bi altzuan


Lapurrak eta sorgiñak erre, erre!


Garixak eta artuak gorde, gorde!”.


Ego Ibarra batzordeak jasotako informazioari jarraituz, “sorban, sasoi batean, erdian, oloa edo garia jartzen zen, gero, haren bueltan edo inguruan baina beheragotik porruak, berakatzak, kipulak; ondoren, belar onak eta txarrak: berbena belarra, anis-belarra, mieloa, menda-belarra, batana, sorgin-belarra...-, baita abarren bat edo beste ere -kindda-abartxoren bat, erramua, flota... Ordutik hona ez da asko aldatu sorba: ortuariak, belarrak, erromeroa, larrosak eta San Juan lorea, urre-botoia edo beste lora-mota batzuk sartzen dituzte baserritarrek. Bakoitzak aukeratzen du zein den sorbarako belarra edo landarea”.

[foogallery id="110742"]