"Belako", "Lágrimas de Sangre" eta "Niña Coyote eta Chico Tornado" musika taldeak Arrate eguneko bezpean

"Belako", "Lágrimas de Sangre" eta "Niña Coyote eta Chico Tornado" musika taldeak Arrate eguneko bezpean
2016/09/06 09:06
eta kitto!
San Juanak amaitu eta ia atsedenik hartu gabe Jaixak Herrixak Herrixandakok Arrateko jaiak antolatzeari ekin zion. Aurten, egitaraua bi egunetara luzatu dute. Arrate bezperari hasiera emateko, arratsaldeko zazpiretan trikipoteoa egingo da Eibarko Trikitilari Gazteen eskutik. Ondoren,  txosnagunean flashmob-a egingo da SAREk deituta, duela 15 urte dispertsioak erahildako Iñaki Saez eibartarra eta Asier Eriz soraluzetarra omentzeko. Gaueko bederatzietan, herri afaria egingo da (afarirako tiketak Depor tabernan daude salgai).
Eta kontzertuei dagokienez, hilaren 7ko gauean hiru talde igoko dira taulara. Alde batetik, “Lagrimas de Sangre” talde kataluniarra izango da. Hip hop estiloaz gain, rock eta reggae doinuak eurenganatuz rap aldarrikatzailea egiten dute. Horiez gain, “Niña Coyote eta Chico Tornado” ere egongo dira. Erritmo gogorragoak eskainiko dituzte, horretarako bateria, gitarra eta ahotsaz bakarrik baliatuta. Eta bezperako musika saioekin amaitzeko, hirugarren taldea post-punk musika egiten duen Belako talde mungiarra izango da.
Arrate egunean, berriz, udalak Egan taldea ekarriko du urteroko tradizioari eutsiz. Horien doinu herrikoiak entzun ostean, JHH Jai Batzordeak “Las Tea Party” Dj-ak gonbidatu ditu, Arrate eguna musika elektronikoarekin agurtzeko.
Kontzertuetarako taldeak aukeratzeko orduan Jaixak Herrixak Herrixandakok hainbat irizpide kontuan izan dituela azaldu digute: "Hizkuntza eta batez ere euskararen presentzia bermatzea, taula gainean emakume eta gizonen arteko parekidetasunari eustea eta, musika estiloei dagokienez, aniztasuna eskaintzea".