Askatasun eta Aniztasun Sexualaren nazioarteko eguna ospatzeko bandera igo dute Untzagan

Askatasun eta Aniztasun Sexualaren nazioarteko eguna ospatzeko bandera igo dute Untzagan
2019/06/28 eta kitto!
Gaur, ekainak 28, LGTBI kolektiboko kideak beste behin bildu dira mundu osoan, beraien eskubideak errebindikatzeko eta aniztasunetik abiatuta bizikidetzaren alde egiteko eta, Eibarren ere, azken urteotan bezala, Untzagan bandera igo eta Eibarko Gehituko ordezkariek aurtengo manifestua irakurri dute.

IMG_9469

IMG_9479

GEHITU E28 MANIFESTUA


Ekainaren 28an, nork bere burua askotariko sexualitate eta identitateetan ezagutzeko harrotasuna erreibindikatuko du milaka pertsonaren ahots bateratuak. Aurten ere, 1969ko ekainaren 28ko goizaldean Stonewall Inn tabernan gertatutakoaren oroimenak bultzatuta, LGTBI kolektiboko kideak beste behin bilduko dira eskubideak errebindikatzeko eta aniztasunetik abiatuta bizikidetzaren alde egiteko.

Azken urteetan erdietsitako lorpenak asko izan dira, egia da, eta maila horretan nabarmentzekoa da Eusko Legebiltzarrean transexualitateari buruzko egungo legea aldatzeko proposamena berriki (maiatzaren 15a) onartu izana, sexu-identitatearen autodeterminazioa helmuga izango duen aldaketa.

Horrekin batera, gure poza adierazi nahi dugu uste dugulako dibertsitate afektibo-sexualarekin gero eta konprometituagoa dagoen gizarte batean gaudela, sentsibilizazioaren eta pedagogia sozialaren arloko ekimenak ugaritzen ari diren gizarte batean.

Baina guztiak ez dira lorpenak, eta etorkizuneko erronkak ere ez daude beti zailtasunetatik libre. Duela urtebete, gaurko egunez, gure itxaropena adierazten genuen FELGTBk (Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Estatuko Federazioa) sustatutako LGTBI Berdintasunaren aldeko Lege Proiektua zein 3/2017 Legearen ondoriozko hutsuneak zuzentzeko asmoko ekimena epe laburrean ongi bideratuko zirelako, baina gaur egun ez da horrelakorik gertatu.

70 herrialde ingurutan LGTBI+ kolektiboak aurre egin beharreko egoera zailak ere ez du aldaketa esanguratsurik izan aurten, eta egoera hori da nazioarteko babesa etengabe eskatzearen arrazoia, hain zuzen ere. Egia da zenbait herrialdek –Indiak, Trinidad eta Tobagok, eta Angolak– lege horiek berriki indargabetu dituztela; gauza benetan pozgarria da hori, eta paperaren gaineko aldaketa horiek herrialde horietako benetako aldaketa sozial batekin batera gertatzea nahi dugu.

Arlo horretan bertan, asilo-zirkuitua jasaten ari den kolapso handia azpimarratu nahi dugu, gaur egun dauden eskarien kopuru handia irensteko gai ez dela ari baita erakusten, eta, ondorioz, soluzio egokiak eskaintzeko gai ez dela. Sexu Orientazioko eta Genero Identitateko arrazoiak direla-eta asiloa eskatzen duten pertsonak ere eraginpean hartzen dituen koiuntura bat ere bada, zenbaitetan muturreko kalteberatasuneko egoeretara bultzatuak izaten direnak, babesteko aterpe bat baliatzeko aukerarik ere ez baitute izaten.

LGTBI kolektiboa ekaitzaren erdigunean jartzen duten diskurtso erreakzionario gero eta ohikoago eta esplizituagoetan ere jarri nahi dugu gure begirada 2019. urte honetan, gorrotoa hauspotuz eta funtsezko eskubideen galerarekin etengabe mehatxatuz. Diskurtso horien artean printzipio pseudozientifikoetan eta “sendatzeko” ekimen gisa mozorrotuta asmo nagusitzat sexualitate ez-normatiboen patologizatzea baino ez dutenak ere sartu behar dira. Skolae programak azkenaldian izandako erasoak ere kondenatzen ditugu, sektore erreakzionarioek sustatutako eraso horiek sexu- eta genero-dibertsitatearen arloan izandako hezkuntza-aurrerapausoak boikoteatu eta zapuztu nahi baitituzte.

Beharbada aurreko puntuaren ondorio gisa, berriz ere gure ingurunean izandako gertakariei buruz hitz egin behar dugu, jatorrian sexu- eta genero-dibertsitatearekiko intolerantzia duten gertakariei buruz, guztiak ere gorroto-delituei buruzko Barne Ministerioaren txostenetan bildutakoak, baita Eraberean “Tratu Berdintasunaren eta Diskriminaziorik Ezaren aldeko sarean”, edo Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak 2018an argitaratutako “Euskadiko gorroto-gertakariei buruzko txostenean” ere.

Eta arreta jarri nahi dugu, amaitzeko, itxuraz “hutsalak” diren hainbat eta hainbat eraso sotil eta egunerokotan, LGTBI+ pertsonen autoonarpena, egunerokotasuna eta ahalduntzea baldintzatzen eta zailtzen baitute. Hori adierazten du Gipuzkoako LGTBI+ errealitateei buruzko diagnostiko-azterlanak, elkarte honek 2018an egindakoa GFAk eskatuta, azterlanaren emaitzek argi uzten dutelarik ekintza horien jarraitutasuna eta eragin kaltegarria.

Eta azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagorekin, E28 egun hau aprobetxatuko dugu errekonozimendu zintzoena eta esker ona adierazteko sexu-liberazioaren alde borroka egiten beren bizitza eman duten pertsona guztiei, edo kasuan kasu, beren sexu-orientazioaren edota genero-identitatearen ondorioz sufritu duten guztiei. Haietako zenbait hilda daude jada, edo beste hainbat, adinekoak dira, eta guztiekin ere zordun gara eta konpromiso bat hartzen dugu gure gain haiekiko: egoitza-zentroetan sartzen badituzte horrek berriz ere beren sexu-afektibotasunaren adierazpen askea mugatu ez dezala.

Aipatutako arrazoiei jarraikiz gonbidatzen ditugu herritarrak, gizarte-eragileak eta Gipuzkoako erakundeak honako garapen-puntu hauek kontuan hartzera LGTBI+ kolektiboaren bizi-baldintzak eta eskubideak hobetzeko:

  • LGTBI+ euskal lege integrala.

  • LGTBI pertsonak memoria historikoan sartzea, kolektibo horrentzako egia, justizia eta erreparazioa eskatuz.

  • Sexu- eta genero-hezkuntzaren presentzia handiagoa, dela irakasgai bezala, dela zeharkako gai bezala. Izan ere, arloan zenbat eta erreferentzia eta ezaguera gutxiago, orduan eta handiagoa da LGTBfobia gizarteetan.

  • Gune ez-baztertzaile eta berdintasunezkoak sortzea, hala nola komunak eta aldagelak, zentro publikoetan.

  • Agerikotasuna oinarrizko kirolean eta kirol profesionalean. Sexu eta Genero Dibertsitateari buruzko irizpideak betetzeko konpromisoa hartzen duten kirol-erakundeak sustatzen dituzten politika publikoen garapena.

  • Edozein gizarte-eragiletan sexu- eta genero-dibertsitatearekiko errespetua ziurtatzen duten jardunbide egokien gidak garatzea eta abiaraztea: enpresak, merkataritza, ikastetxeak, eta abar.

  • Genero ez-normatiboko zenbait errealitate zabaltzea eta haiei buruzko informazioa ematea, erakundeetatik datorrena eta jendeari oro har zuzendua, informazio-kanpaina masiboen bidez.

  • Hitzarmen kolektiboetan sexu- eta genero-dibertsitatearekikio agerikotasuna eta errespetua ziurtatzen duten neurrien integrazioa.

  • Errealitate ez-normatiboak kontuan hartzea LGTBI+ adineko pertsonen arretan, horrenbesteko borrokaren ondoren “armairura itzuli” behar ez izatea ahalbidetuz.

  • Beren jatorrizko herrialdeetako LGTBI+fobiatik eta transfobiatik ihesi gure lurraldera iristen diren LGTBI+ migratzaileen arretarako baliabide espezifikoen hornidura.


Gehitu! elkartetik egun hau lortutako aurrerapauso guztiak ospatzeko aprobetxatzera animatzen zaituztegu, eta era berean, gaurko eguna dibertsitatearen aldeko borrokan beste egun bat gehiago egiten duten sentsibilizazioko eta erreibindikazioko ekitaldietan parte hartzera.