Asteburu honetan ospatuko diren Urkiko jaiak aurkeztu dituzte

Asteburu honetan ospatuko diren Urkiko jaiak aurkeztu dituzte
2022/06/01 eta kitto!
Gaur arratsaldean aurkeztu dituzte Urkiko jaiak auzoko jai-batzordekoek, Aterpe elkartean egin duten prentsaurrekoan. Bertan Jon Iraola alkatea eta Udaleko alderdi politikoetako ordezkarien eta herriko beste auzoetako jai-batzordeetako ordezkarien babesa izan dute antolatzaileek. Azaldu dutenez, pandemiaren ostean berriz ere hutsetik hasi beharra “oso gogorra” izan da, baina, oztopoak oztopo, asteburu osorako egitaraua prestatu dute, “nahiz eta gauzaren bat edo beste” kendu behar izan duten. Izan ere, “azken urteak denontzat gogorrak” izan direla eta, aurtengo jaiak antolatzeko auzokideei dirurik ez eskatzea erabaki dute. Alde horretatik eskerrak eman dizkiote Udalari, “jaiak antolatu ahal izateko emandako laguntzarengatik”, baita dohaintza bidez laguntza ematen ari diren auzokoei ere.

Aurrera begira, horrelako jaiak antolatzea geroz eta zailagoa ikusten dutela ere nabarmendu dute jai-batzordeko kideek: “Lau lagun baino ez gara eta, erreleborik egon ezean, jaiak gaur egun ospatzen ditugun moduan antolatzerik ez dago”. Herriko beste auzoetako jai-batzordeek ere arazo berari aurre egin behar diotela adierazi dute bertaratutakoek.

Asteburu honetan ospatuko diren jaien egitaraua jarraian daukazue.

 

URKIKO JAIAK 2022


 

Barixakua 3

19:15 Jaien hasiera. Kalejira, Ustekabe fanfarrearekin.

19:30 Nagusiei omenaldia Cepa parean. Txikiteo popularra. Umeei opariak banatzea.

23:00 Camp-erromeria Martarekin. Polonia Etxeberria.

 

Zapatua 4

11:00 IX. Txiki-krosa. Urki-Kurutzekua.

12:30 Txorizo eta salda banaketa. Cepa eta Vila tabernen parean.

13:30 Herri-kirolak Ernesto Ezpeleta “Bihurrirekin”. Polonia Etxeberria.

17:00 XIX. Igel-toka txapelketa. Rioja taberna parean. Umeendako jolasak.

19:00 Cava eta otarrainxka jaia, Vila, Nuevo, Bodega eta Rioja tabernak eta Urkiko jubilatuen etxearen laguntzarekin.

23:00 Kontzertua: Bruce Springsteenen kantuak eta rock-eko klasikoak. Polonia Etxeberria.

 

Domeka 5

09:00 Mendi-martxa Atzegiren eskutik. XII. Galdaramiñora Igoera.

12:00 XXII. Paella Lehiaketa. Os Galaicos taldearen kalejira.

13:00 Auzoko hildakoen aldeko meza. San Jose Obrero eliza.

14:30 Paella lehiaketako epaileen erabakia.

16:45 Euskalzumba, Xaiborren eskutik.

18:30 Txokolate-jana.

19:00 Sari-banaketa eta DJa. Polonia Etxeberria.

21:00 Jaien amaiera.