Astelehenean San Isidro eguna Arraten ospatuko dela-eta, autobus zerbitzu berezia egongo da

Astelehenean San Isidro eguna Arraten ospatuko dela-eta, autobus zerbitzu berezia egongo da
2023/05/12 eta kitto!
Astelehena San Isidro eguna dela-eta, Arratera joan nahi dutenentzat autobus zerbitzu berezia eskainiko du Udala. Eibartik Arratera igotzeko sei autobus irtengo dira, San Juan kaleko autobus geltokitik, 09:00etan, 10:00etan, 11:00etan, 13:00ean, 18:00etan eta 19:30ean. Eta Arratetik jaisteko autobusak  09:30ean,10:30ean, 11:30ean, 13:30ean, 18:30ean eta 20:30ean izango dira. Autobusak 51 jarlekukoak izango dira.

Goizeko 11:00etako mezarekin hasiko dira ospakizunak

San Isidro eguna Arraten ospatzeko, egun osorako egitaraua antolatu dute Eibar, Elgoibar, Soraluze eta Mendaroko Udalek, Itziarko Entitate Txikiak eta Debemen elkarteak. Goizeko 11:00etan hasiko dira ospakizunak, bertsolarien eta Oier Baltzola eta Unai Andonegi trikitilarien parte-hartzea izango duen mezarekin. Jarraian, prozesioa eta aurreskua egingo dira, Kezka dantza taldearen eskutik eta, ondoren, Debabarreneko produktuen dastaketa hasiko da. Herri-kirolak eguerdian, 12:30ean, izango dira: San Isidro XIX. Aizkolari Txapelketa jokatzeaz gain, harrijasotzaileen saioa ere egingo da santutegiaren atarian. Baserritarren patroiaren omenezko bazkaria 14:30ean hasiko da, Tiro Pitxoi jatetxean. Bazkalostea girotzen bertsolariak eta trikitilariak arituko dira. Eta, eguneko egitaraua biribiltzeko, idi-demak hartuko ditu probalekuak, 17:30ean, Oliden, Soarte eta Kamiñoko idiekin.