Aurten ere bedeinkatuko dituzte San Blas opilak herriko eliza guztietan

Aurten ere bedeinkatuko dituzte San Blas opilak herriko eliza guztietan
2021/02/03 eta kitto!
Gaur San Blas eguna dela eta, urtero bezala sanblasak bedeinkatzeko mezak ospatuko dituzte herriko eliza guztietan: San Andresen, jende pilaketak saihesteko, 11:00etan eta 12:00etan bedeinkatuko dituzte San Blas opilak; Karmengo Amaren elizan (Karmelitetan) 11:00etan eta 19:00etan; San Agustinen (Estaziño kalean) 12:00etan, San Pio X.a elizan 11:00etan; Urkiko elizan 10:30etan eta Amañakoan 12:00etan. Bestalde, Azitaingo elizan ere bedeinkatuko dituzte, auzokoek egingo duten ospakizunean.

Eibarren horren hedatua dagoen ohituraren inguruan, honako hau dio Juan San Martinek “Antzinako Eibar”, 1993an Ego Ibarra batzordeak argitaratu zuen liburuan: “Ohitura hau antzinakoa dugu. Zaharrengandik jaso nuenez, lehen lehenago Santa Iñes ermitan gordetzen zen San Blas irudia eta hara joaten ziren opillak bedeinkatzera. Gerra aurretik ezagutu nuen Santa Iñes ermita, Isasiko jauregiaren baratz gurenean (baratzak zuen hesiaren kanpokaldetik), jauregi honen eta Kaskarrengua baserriaren bitartean, baina ordurako ez zen egiten han ezertariko elizkizunik. Ohitura San Andres parrokiara igaroa zen eta hona joaten ginen, opillak ez ezik, naranjak ere eramaten genituen. Maiz, zalantza larrian irtetzen ginen, bedeinkazio orduan opillak eta naranjak ahalik goren altxatzen genituenarren ia ur-bedeinkatu tantarik heldu zaigun ala ez. Haurrok uste bai genuen beharrezkoa zela urak ikutzea. Opillak eta naranjak zamauz edo esku-zapi batean bildurik eramaten genituen. Baziren opillaren gainean, oihal barnetik zintak jartzen zituenak ere. Zinta horiek eztulik zenean lepoa biltzeko izaten zen. San Blas egunez, goizetik eskoletan jai egiten zen eta haurrok ur-bitsetan pasatzen genuen”.

Bestalde, Eibartarren Ahotan proiekturako egindako elkarrizketetan ere entzun daitezke San Blas ospakizunari buruzko lekukotasun batzuk, protagonisten ahotan: