Aurtengo Sanjuanak ospatzeko prestatu duten jai-egitaraua aurkeztu du Udalak

Aurtengo Sanjuanak ospatzeko prestatu duten jai-egitaraua aurkeztu du Udalak
2022/06/13 07:57
eta kitto!
Barixakuan aurkeztu zuten Udalak Sanjuanetarako antolatu duen jai-egitaraua Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta José Luis González Kultura Saileko teknikariak. Alkateak adierazi zuenez, “jai-egitaraua iragartzea bera normaltasunera itzultzen ari garen seinale da. Azkenean jaiak murrizketarik gabe ospatuko dira. Hala ere, oraindik erantzukizunez jokatzen jarraitu behar dugu, baina azkenean, eibartarrok merezi ditugun Sanjuanak izango ditu aurten. Jaiak atzera ere kalera aterako dira”.

Hori dela eta, Udalean ahalegin ekonomiko garrantzitsua egin dutela gaineratu zuten, “eibartarrei lehen mailako programa bat eskaintzeko. Izan ere, aurtengo gastua 290.000 euroko izango da, 2019 urtekoa baino 25.000 euro gehiagokoa”.

Patxi Lejardi Kultura zinegotziaren berbetan, “ekainaren 23ko ekitaldi esanguratsuenak egingo ditugu berriz, hala nola Lizarrako dultzaineroen harrera eta danborradak. Gainera, berriz ere egingo dira kalejirak, kuadrillen jolasak eta umeentzako jarduerak eta kirol-ekitaldiak; eta Untzagako kontzertuak ere antolatuko dira lehen mailako taldeekin: En Tol Sarmiento eta Tanxugueiras, kasu”.

Ohi bezala, aurtengo jai-egitarauan aurreikusitako jarduerak San Juan eguna baino lehen hasi dira ospatzen eta asteburu bete-betea izan dugu. Aste honetan ere hainbat jarduera egingo dira: eguaztenean Juan Bautista Gisasola Musika Eskolaren kontzertua izango da Coliseoan; eguenean Ipurua Gimnasia Erritmikoko Klubaren erakustaldia egingo da Untzagan, eta baita Musika Eskolaren beste kontzertu bat ere, Coliseon.

Barixakuan jaietako lehen kontzertua egingo da, En Tol Sarmiento taldearen eskutik. Untzagan joko dute 23:00etan. Egun berean kaleko antzerkia, dantza-jaialdia, boxeo-gaualdia eta squash-txapelketa bat ere izango dira.

Eta zapatuan, ekainaren 18an, Tanxugueiras talde galiziar ezaguna eta Xabier Aburruzaga trikitilariaren emanaldia hartuko du Untzagak, 22:00etan. Egun horretan bestelako kirol-jarduera eta ekitaldi musikal eta ludikoak ere egingo dira. Aurtengo jaietako kontzertuak udaletxeko plazan egingo dira, “jendearentzat toki gehiago dagoelako”. Hori dela eta, kamioi-eszenatokia ipiniko dute, bi pantaila handirekin.

Domekan, martitzenian eta eguaztenean umeentzako jarduerak, kirol eta musika ekitaldiak, Euskal Jaialadia edo txori kantarien lehiaketa egingo dira eta eguenean, San Juan bezperan, Lizarrako Dultzaineroen ohiko harrera, kuadrillen kontzentrazioa eta kalejira, pregoia eta txupinazoaren jaurtiketa, haur-parkea, erraldoi eta buruhandiak, kale-antzerkia, San Juan sua eta nagusien danborrada.

Barixakuan, San Juan egunean, hauek egingo dira; haur-parke bat, San Juan eguneko ohiko kontzertua, umeen danborrada, umeen pregoia, erromeria, kaleko antzerkia, soka-dantza, su artifizialak eta gaueko dantzaldi bat Jamaica Show Orkestrarekin.  Larunbatean: haur-parkea, San Juan jaietako Marmitako Lehiaketa, kaleko antzerkia, eta Trío Medianoche, Cuarteto de Habaneras Americanus eta Sergio Sanabriaren kontzertua.

Omenduak

Bestalde, aurtengo jaietan hainbati omenaldia egingo zaie berriz ere. Azaldutakoaren arabera, “azken bi urte hauetan ezin izan direnez omenaldi hauek egin, aurten handitu nahi izan dugu omendutako pertsona, klub eta entitate kopurua”.

Aurten omenduko diren pertsona eta entitateak hauexek dira: J.D. Arrate eta Eibar Eskubaloia eskubaloi taldeak (75. eta 10. urteurrena betetzen dute, hurrenez hurren); Jesús “Txus” Alzaga (40 urtez CD Urkirekin lotua); Manu Aguirre (Eibarren judoa sustatzen egindako lanagatik); Maite Arroitajauregui (Goya saria lortu zuen musika original berriari Akelarre filmaren soinu-bandagatik); Mikel Oyarzabal futbolaria (2021eko kirol-lorpenengatik); UEU (50. urteurrenagatik); Ekingune ekintzaileen elkartea (10. urteurrena); Aspace elkartea (50. urteurrenagatik).

Alkateak eskerrak eman zizkien egitarauaren antolaketan parte hartu duten 30 bat elkarteei: “Bueltan dira sanjuanak eta egitarau oso bat egongo da jaietan haietaz gogotsu disfrutatzeko.  Askotariko jardueraz betetako eskaintza bat, ezinezkoa litzatekeena herriko talde sozial, deportibo eta kulturalen partaidetzarik gabe”.

Ekitaldi aipagarriak

Lizarrako dultzaineroei egingo zaien harreraz gain, egitarauaren beste ekitaldi aipagarri batzuk honako hauek izango dira: igandean, hilak 23, San Juan sua, Eibarko Dantza Garaikideko taldearen eskutik; nagusien eta umeen danborradak, ekainaren 23an, 00:00etan eta 24an, 19:00etan; Soka Dantza, ekainaren 24an, Kezka Dantza Taldearekin eta Usartzako Txistulari Bandarekin 23:30ean; edo su artifizialak Global Foc SL Caballer piroteknia etxearekin, hilaren 24an, 00:00etan, eta Vulcano etxearekin, hilaren 25ean, 23:00etan.

2022ko jaietako egitarauan honako ikuskizun hauek ere nabarmendu behar dira: "Sonámbulo" kaleko antzerkia, hilaren 23an, 19:00etan, anbulatorioan hasi eta erdiguneko kaleetatik ibiliko dena, Anton Coucheiro konpainiaren eskutik; dantzaldiak Untzagan, 00:15ean, Liskerrekin ekainaren 23an, eta Jamaica Show orkestrarekin, ekainaren 24an; Cuarta Calle taldearen kontzertua ekainaren 25ean, 00:00etan, Untzagan. Horretaz gain, kalejirak, kaleko antzerkia, eta herriko taldeek antolatutako ekitaldiak. Aurten ere ez da faltako San Juan jaietako Marmitako XXVI. Lehiaketa. Ekainaren 25ean, asteartea, egingo da 11:30ean, Untzagako plazan.

Umeentzako barrakak Txaltxazelai inguruan eta epaitegiko parkean egongo dira aurten ere, eta txosnak Untzagako dorrearen azpian.

SANJUANAK EIBARREN 2022 EGITARAUA