Belaunaldi ezberdinen doinua

0    Jaiak 
Ekhi
Belaunaldi ezberdinen doinua
21 Eka
10:00

Herri kantuzalea da Eibar. Sasoi onetan ala txarretan, historian zehar gaur egunera arte iritsi diren abesti eta doinuek erakusten dute gure herriak beti maite izan duela abestea. Egun, hainbat musika talde eta abesbatza dago gurean, batzuk hamarkadetako ibilbidea dutenak eta beste batzuk lehen pausoak ematen hasi berri direnak. Eibarko musikak iragan eta oraina dauka, baina baita etorkizuna ere, eta horren erakusgarri izango da datorren barixakuan Sostoa Abesbatzak, Eibarko Koro Gazteak eta Trio Medianoche taldeak eskainiko duten kontzertua.

 

ETBkoak Trio Medianocherekin harremanetan jarri ziren Sanjuanetako kontzertua grabatzeko proposamena egiteko eta hirukote eibartarrak elkarrekin jotzeko eskaintza egin zion Sostoa Abesbatzari. Sostoak begi onez ikusi zuen Trio Medianocheren eskaria eta apustua handitu zuen. Abenduan Eibarko Koro Gaztearekin batera kontzertua eskaini zuten eta, ikuskizun polita irten zenez, abeslari gazteen parte hartzea proposatu zieten Trio Medianochekoei. Horrela, hiru taldeek ikuskizun handia eskainiko dute hilaren 22an, barixakua, 22:00etan Untzagan (euria eginez gero, Coliseoan egingo litzateke).

Trio Medianoche izango da emanaldiaren kartel-burua eta euren kontzertuetan ohikoa den errepertorioa entzuteko aukera egongo da, baina abesbatzek euren ukitua emango diote ikuskizunari. “Gainera, aurretik gurekin jo duen Sergio Sanabria harpa-jole paraguaiarrak hartuko du parte emanaldian”, adierazi digu Jesus Bastida Trio Medianocheko hirugarren gitarra, hirugarren ahots eta maraka-joleak. “Latinoamerikako musika joko dugu; boleroak, guaratxak eta abar”, azaldu digu Bernardo Aguilera bigarren ahots eta lehen gitarra-joleak, “eta bolero moduan jotzen ditugun euskal abesti batzuk ere joko ditugu”.

 

Koro Gaztekoak gogotsu

Trio Medianoche taldeko kideak gogotsu daude emanaldi berezi honen aurrean, baina Eibarko Koro Gaztekoek are gogo gehiago daukate. “Ideia polita da belaunaldi ezberdinak batzea, batez ere etorkizunera begira”, esan digu Elena Martin zuzendariak. “Trio Medianoche izango da protagonista eta guk lagundu egingo dugu, oso pozik gainera. Beste jende batekin jotzeko gogoz daude neska-mutilak eta errepertorio ezberdina abesteko aukera oso erakargarria da”.

Eibarko Koro Gazteak normalean abesten ez dituen kantuak interpretatzeko aukera izango dute gazteek. “Trio Medianochek eskaintzen duen errepertorioa eta estiloa oso erakargarria da guretzat”, Martinen berbetan. Saioa hainbat zatitan banatuko da. “Lehendabizi Koro Gazteak bi kanta abestuko ditu (‘Proud Mary’ eta ‘Resistiré’), gero Sostoak beste bi, ondoren bi abesbatzek batera abestuko dugu (‘Recuerdame’ eta ‘Goza mi Calipso’), Trio Medianocheren txanda iritsiko da gero eta, azkenik, Trio Medianoche eta bi abesbatzek elkarrekin abestuko dugu (‘Eperrak’ eta ‘Mi Viejo San Juan’)”.

Momentuz entsegu bi egin dituzte elkarrekin eta hilaren 18an egingo dute azkena. 22an, bestetik, soinu froga egingo da, Elena Martini gehien kezkatzen diona, “baina ETBko soinu-teknikariak egongo dira eta ziur dena ondo irtengo dela”. Telebistan agertzea, bestetik, interesgarria da Eibarko Koro Gaztekoentzat. “Hala ere, gero badakigu kontzertuak behin eta berriz eskaintzen dituztela ETB 1ean”, esan digu brometan Martinek.

 

Eta gero, Zea Mays

Sostoa Abesbatzak, Eibarko Koro Gazteak eta Trio Medianocheren lekukoa hartuko du Zea Mays taldeak 23:30ean Untzagan. Hogei urtetik gorako ibilbidearekin euskal rock musikaren erreferentea da talde bizkaitarra eta kontzertuz betetako agenda daukate azken aldian. Gurean ere hainbat aldiz izan ditugu eta Aiora Renteriaren ahots indartsua entzuteko aukera izango da berriz Sanjuanetan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »