Betiko sanandresak ospatzeko gogo biziz

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Betiko sanandresak ospatzeko gogo biziz
ETA KITTO 2022, Aza 30

Gaur, azaroak 30, ospatuko dugu Eibarren San Andres eguna. Sanandresetako programa, beti bezala, XLIII.  San Andres Azokak zabalduko du, 09:30ean. Nekazal produktuekin parte hartzera etorriko diren 53 postuak Untzaga eta Txaltxa Zelaiko karpetan (jatorri-deitura duten produktuekin) egongo dira: 19 postutan ogia salduko dute; beste 14 postutan gazta (horietako hamabik jatorri-deitura duten produktuak eskainiko dituzte); beste hamarrek barazkiak; zazpik eztia; eta frutarekin, lorekin eta ontziratutako produktuekin postu bana egongo da.

Bestalde, abereak Calbeton kalean erakutsiko dituzte. Aritxuleta, Mandiola Gainekua, Zumaran, Arizmendi Goikua, Orbe, Agarre-Azpi, Untzeta, Gisasola eta Mendigoitxi baserrietatik ekarritako animaliak ikusi ahal izango dira (behiak, ardiak, pottokak, poniak, zaldiak, ahuntzak, oiloak, antzarak, astoak eta idiak).

Gainera, 11:30etik aurrera Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du, eta 12:00etan Toribio Etxebarria kalean Binakako Aizkolari Txapelketa hasiko da. Ordu berean hasiko da bertsolari eta trikitilarien saioa, Untzagan, eta jarraian kalejiran ibiliko dira.

Ordu erdi geroago, 12:30ean, hasiko da Plazara Dantzara erromeria Untzagan, Kezka Dantza Taldearen eskutik eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin. Sanandresetarako antolatu diren lehiaketetako sariak banatzeko ekitaldia, bestalde, 13:00ean izango da, Untzagan. Eta, jaiari agur esan aurretik, Kezka dantza taldearen eskutik Plazara Dantzara bigarren saio bat egingo da Untzagan, 18:00etatik aurrera.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »