[BIDEOA] Gaur eguerdiko giroa eta ekitaldiak zuei erakusteko bideoa prestatu dugu

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
[BIDEOA] Gaur eguerdiko giroa eta ekitaldiak zuei erakusteko bideoa prestatu dugu
ETA KITTO 2021, Eka 23

Oraindik gure artean dagoen pandemiak jaietarako aukera gutxi laga arren, gaur San Juan egunaren bezpera dela ospatu nahi izan dute eibartar askok. Hori bai, neurrian eta egoerak eskatzen dituen prebentzio neurriak albo batera laga barik. Goizetik hasi dira Usartza Txistulari Taldekoak herriko giroa animatzen, Untzagan San Juan Zortzikoarekin hasi eta, ondoren, Urkizuraino kalejiran jaitsita. Tarteka piezaren bat edo beste eskaintzeko geldialdiak egiten joan dira eta horietako bat Rialtoko merkatu plazan izan da. Bertan, ibilbideko beste toki guztietan bezala, metalekin lagunduta aritu diren txistularien doinu alaiak pozarren hartu ditu jendeak, gaur eguerdiko giroa zuei erakusteko prestatu dizuegun BIDEOAN ikus dezakezuen moduan.

Coliseo antzokian amaitu dute gaurko saioa, Lizarrako dultzaineroei harrera egiteko ekitaldian, baina bihar ere kalera irtetzea tokatuko zaie: izan ere, San Juan kontzertua emango du Usartza Txistulari Taldeak, metal boskotearekin eta Lizarrako dultzaineroekin batera, 12:45ean Untzagan. Jarraian daukazue biharko egitaraua:

EGUENA 24, SAN JUAN EGUNA

– 10:30ean: San Juan Sorbak bedeinkatzeko meza. Azitaingo parrokian.

– 12:45ean: San Juan kontzertua, Usartza Txistulari Taldea, metal boskotearen eta Lizarrako dultzaineroen eskutik. Untzagan.

– 19:00etan: Soka Dantza, Kezka Dantza Taldearen eta Usartza Txistulari Taldearen eskutik. Coliseo antzokian. Gonbidapenak Coliseoko leihatilan, astelehen eta barixakuetan, 17:30etik 19:30era.

– 20:00etan: ’Legea gu gara’ kale-antzerkia, Barsanti konpainiarekin. Txaltxa Zelaiko kioskoan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »