Boxeoa bueltan izango da bihar Astelena frontoian

Boxeoa bueltan izango da bihar Astelena frontoian
2022/06/16 12:01
eta kitto!
Bi urtetan halakorik izan gabe, San Juan jaietako egitarauan bere tokia duen boxeo-gaua berriro bueltatuko da Astelena frontoira. Gaueko 22:30ean hasita, amateur mailako boxeo borrokak eta profesional mailako sandakoak hartuko ditu jaialdiak: bost izango dira boxeokoak eta hiru sandakoak, zortzi guztira. Sarrerak 15 eurotan izango dira silla hartuta eta 12 eurotan gradetatik ikusteko asmoa izanez gero. Antolatzaileek diotenez, “Euskal Herri mailan antolatu daitekeen jaialdia bikainenetakoa izango da biharkoa”.

Boxeoan, 54 kilorainoko elite mailan eta 3 minutuko hiru asaltotan, Gimnasio Gasteizeko Dorleta Zubeldia eta Bilboxing-eko Jessica Brunet borrokalariek neurtuko dituzte indarrak; 75 kilora arteko borrokan, Gimnasio Gasteiz Sport-eko Jorge Santiago eta Anoetako Boxeo Eskolako Robell Batista izango dira, nor baino nor; hirugarren borroka ere 54 kilorainokoa izango da, Pamplona klubeko Stalin eta Anoetako Oier Prietoren artekoa; 63 kilora arteko emakumezkoena izango da hurrengoa, Gasteizeko Ane Barrantes eta Urbizuko Irati Altzelairen indarrak neurtuko dituena; eta boxeoko azken borrokan, 70 kilorainokoan, Gasteizeko Ivan Vigo eta Anoetako Jon Zubiarrain izango dira irabazten saiatuko direnak. Profesional mailako sanda modalitatean, bestalde, hiru izango dira borrokaldiak: J.M. Guzman eta Julen Zaratiegi izango dira lehenengoan, Javier Gutierrez eta Asier Donamaria bigarrenean eta Sandra Canabal eta Valeria Slavyanova azkenekoan.