Eguen Zuri Argazki Lehiaketa Arrate Kultur Elkartearen eskutik

Eguen Zuri Argazki Lehiaketa Arrate Kultur Elkartearen eskutik
2019/02/28 eta kitto!
Arrate Kultur Elkarteak XXII. Eguen Zuri Argazki Lehiaketa antolatu du aurten be. Lehiaketarako gaia Aratosteak da eta, hortaz, gai horrekin zerikusia daken argazkiekin hartu dezakete parte. Antolatzaileek argi laga nahi dute argazkiek ez dutela zertan Eibarko Aratosteetakoak edo Eguen Zurikoak izan bihar, beste toki batzuetan ateratakoek ere balio dutela.

Lehiaketa parte hartu nahi duten guztientzako zabalik dago eta zuri-beltzean zein koloretan egindako argazkiak aurkeztu daitezke. Egile bakoitzak gehien jota hiru lanekin lehiatzeko aukera izango dau eta irudiak JPG formatuan egon bihar dira (fitxategiak ezin ditu 6 Mb baino gehiago eduki). Lehiaketarako argazkiak emailez jasoko dituzte, eguenzuri2019@gmail.com helbidean, martxoaren 15era arte. Argazkiekin batera, egilearen datuak (izen-abizenak, NAN, helbidea, telefono zenbakia, e-maila eta argazkiaren zenbakia eta izenburua) bidali beharko dira. Bestalde, fitxategiaren izena argazkiak duen zenbakiarekin hasi beharko da eta argazkiaren izenburuarekin jarraitu (adibidez 1_Muskerra.jpg).

Jasotako argazki guztien artean, epai-mahaiak 20 aukeratuko ditu eta horren artean hiru sarituko dituzte: argazki onenari 160 euroko saria emango diote, bigarrenari 100 eurokoa eta hirugarrenari 60 eurokoa. Sariak banatzeko ekitaldia martxoaren 29xan, 19:00etan egingo dute Topalekuan, erakusketa zabaltzearekin batera. Informazio gehiago nahi izanez gero Arrate Kultur Elkartearen bulegoan galdetu, 638284912 telefono zenbakira deitu edo arratekultu@gmail.com helbidera idatzi.

[video width="848" height="480" mp4="https://etakitto.eus/wp-content/uploads/2019/02/Eguen-Zuri.mp4"][/video]