Egun osorako egitarauarekin ospatuko da San Isidro eguna, domekan Arraten

Egun osorako egitarauarekin ospatuko da San Isidro eguna, domekan Arraten
2022/05/12 10:45
eta kitto!
Domekan ospatuko da Isidro Deunaren eguna Arraten, Debemen Debabarreneko Landa Garapen Elkarteak antolatuta, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Soraluzeko Udalak eta Itziarko Entitate txikiaren laguntzarekin.

Egitaraua goizeko 11:00etan izango den mezarekin hasiko da. Bertan, Millan Telleria eta Mikel Mendizabal bertsolariak eta trikitilariak (Oier Baltzola eta Unai Andonegi) izango dira. Meza ondoren, aurreskua dantzatuko dute Kezka dantza taldekoek eta prozesioa egingo da.

Jarraian, Debabarrena eskualdeko produktuen dastaketa egongo da: Sagarmiña Getariko txakolina, Flysch Getariko txakolina, Txindurri Iturri Euskolabel sagardo ekologikoa, Lizagasar sagardoa, Mausitxa, Sosola, eta Goienetxe ardi gaztak, Egotza ahuntz gazta eta aire librean hazitako Basatxerri ezaugarria duten txerrikiak.

Eguerdian, 12:30ean hasiko da San Isidroetako XVIII. Aizkolari Txapelketa, Basozabal, Suharri, Txikon, Gabirondo, Zaldua eta Ezpeleta aizkolarien parte-hartzearekin. Tarteka, Izeta IV.a, Izeta V.a eta Lur Errekondo harrijasotzaileen saioa egingo da.

Bazkaria Kantabria jatetxean izango da, 14:30ean, eta bertsolariak eta trikitilariak arituko dira (bazkarira joan nahi duenak bertara deitu beharko du, 943 121 262 telefonora). Eta 17:30ean idi-demak hasiko dira, Oliden, Mendigoitxi eta “Chocolate”-ren partaidetzarekin.

Egun horretan Arratera joan nahi duten guztientzat autobusa egongo da. Igotzeko autobusak San Juan kaleko autobus geltokitik irtengo dira, 09:00etan, 10:00etan, 11:00etan, 13:00ean, 18:00etan eta 19:00etan. Jeisteko autobusak, berriz, eliza aldamenetik irtengo dira, 09:30ean, 10:30ean, 11:30ean, 13:30ean, 18:30ean eta 20:00etan.