Eibarko Jai Batzordeak egun biko egitaraua prestatu du Arrateko Jaietarako

Eibarko Jai Batzordeak egun biko egitaraua prestatu du Arrateko Jaietarako
2022/09/01 eta kitto!
Arrateko Jaiak ospatuko dira datorren astean eta herriko eragileak hasi dira motorrak berotzen. Horrela, Jaixak Herrixak Herrixandako Eibarko Jai Batzordeak bi eguneko egitaraua prestatu du, hilaren 7rako eta 8rako, bi urteren ostean Arrateko Jaiak ondo ospatzeko.

Irailaren 7an, Arrate Egunaren bezperan, 18:00etan emango zaio hasiera festari eta, plater nagusi bezala, kontzertua eskainiko dute Kete Kalles, Alarma Morea eta Maruxakek.

Hurrengo egunean, Arrate Egunean, gauean hasiko da festa kontzertu bikoitzarekin (Alargun Beltzak eta La Fulana) eta, jolastu eta festa egin ondoren, 07:00etan desmontajearekin emango zaie amaiera jaiei.

Jai Batzordeak azpimarratzen du egitaraua ez dela magiaz sortzen, herri-lana dela. Beraz, jendearen laguntza ezinbestekoa da egitaraua aurrera eramateko eta behar den neurrian gauzak egiteko (besteak beste, txosnagunea muntatzeko, luntxa prestatzeko, desmontatzeko…).

WhatsApp Image 2022-09-01 at 7.31.36 AM