Elektrotxaranga eta erromeria antolatu dituzte San Andres bezpera girotzeko

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Elektrotxaranga eta erromeria antolatu dituzte San Andres bezpera girotzeko
ETA KITTO 2022, Aza 29

San Andres bezpera dela eta, gaur 19:30ean zabalduko da Jaixak Herrixak Herrixandakoren barra, Untzagako karpan. Handik ordubetera, 20:30ean talde-argazkia egingo dute eta, jarraian, ElektroPottotte elektrotxaranga ibiliko da Untzaga inguruan kalejiran. Gauerako, berriz, erromeria antolatu dute, Altxa Porru! taldearekin, 22:30ean karpan.

Eta biharko programa, beti bezala, XLIII. San Andres Azokak zabalduko du, 09:30ean. Nekazal produktuekin parte hartzera etorriko diren 53 postuak Untzaga eta Txaltxa Zelaiko karpetan (jatorri-deitura duten produktuekin) egongo dira: 19 postutan ogia salduko dute; beste 14 postutan gazta (horietako hamabik jatorri-deitura duten produktuak eskainiko dituzte); beste hamarrek barazkiak; zazpik eztia; eta frutarekin, lorekin eta ontziratutako produktuekin postu bana egongo da.

Bestalde, abereak Calbeton kalean erakutsiko dituzte. Aritxuleta, Mandiola Gainekua, Zumaran, Arizmendi Goikua, Orbe, Agarre-Azpi, Untzeta, Gisasola eta Mendigoitxi baserrietatik ekarritako animaliak ikusi ahal izango dira (behiak, ardiak, pottokak, poniak, zaldiak, ahuntzak, oiloak, antzarak, astoak eta idiak).

Gainera, 11:30etik aurrera Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du, eta 12:00etan Toribio Etxebarria kalean Binakako Aizkolari Txapelketa hasiko da. Ordu berean hasiko da bertsolari eta trikitilarien saioa, Untzagan, eta jarraian kalejiran ibiliko dira.

Ordu erdi geroago, 12:30ean, hasiko da Plazara Dantzara erromeria Untzagan, Kezka Dantza Taldearen eskutik eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin. Sanandresetarako antolatu diren lehiaketetako sariak banatzeko ekitaldia, bestalde, 13:00ean izango da, Untzagan. Eta, jaiari agur esan aurretik, Kezka dantza taldearen eskutik Plazara Dantzara bigarren saio bat egingo da Untzagan, 18:00etatik aurrera.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »