Euskal Jaialdia streaming bidez jarraitu ahal izango da bihar 12:30etik aurrera

Euskal Jaialdia streaming bidez jarraitu ahal izango da bihar 12:30etik aurrera
2022/06/18 eta kitto!
Herri kirol erakustaldi eta leiha hartuko ditu Untzaga plazak bihar eguerdian, 12:30ean, ...eta kitto!Euskara Elkarteak antolatutako Euskal Jaialdian. Oraingoan, gainera, Internet bidez ere jarraitu ahal izango da, streaming bidez emango dugu eta, lotura honetan: https://youtu.be/R9FKCpCxLMU.

Aizkolarien lanarekin batera, harrijasotzaileena eta txinga eramaileena ere ikusi ahal izango da, “Iparraldeko jokoen muestrarioarekin batera”.  Ernesto Ezpeleta “Bihurri”k oraingoan ere bere onena emango du, gaur egun aizkolarien arteko lehen mailan diharduen Hodei  semearekin batera. Julen Mendieta Lemoako beteranoa, Goizeder Beltza eta Jon Telleria nafarrek eta Alex Txikon mendizale ospetsua izango dira beste lau aizkolariak, horrela seikotea osatzeko. Eurekin batera jardungo dute Ane Zinkunegi harri-jasotzailea, Nerea Egurrola txinga-eramailea (bera da Euskal Herriko txapelduna modalitate horretan) eta Karlos Aretxabaleta Iparraldeko jokoetan.

Erakustaldia eta lehiaketa
Denetarik izango du oraingoan ere Euskal Jaialdiak, erakustaldiak eskaintzeaz gain lehiak ere izango duelako bere tartea, jokoen amaieran erabakiko dena. Hasteko, “hainbat erakustaldi eskainiko ditugu, aizkorarekin zutika, aitzurraz baliatuz eta esku bakarrarekin”. Ondoren, “txingekin eta ingudearekin hainbat erronka prestatuko ditugu, Iparraldeko jokoekin errematea egiteko”. Lehiaketa nagusian, bestalde, hiru talde osatuko dituzte, binaka aizkolarirekin, “eta harrijasotzeak, aizkora-lanak eta azkeneko korrikaldiak” osatuko dute proba hori.