Euskotrenek gaueko tren-zerbitzua indartuko du Sanjuanak direla eta

Euskotrenek gaueko tren-zerbitzua indartuko du Sanjuanak direla eta
2022/06/17 eta kitto!
Udaletik jakinarazi dutenez, Euskotrenek tren-zerbitzu bereziak jarriko ditu, San Juan jaietako egun seinalatuenetan, Eibarrera etorri nahi dutenek goizaldean beraien herrietara joateko edo gure herrira etortzeko aukera izan dezaten. Gaurko eta biharko kontzertuek eta ekainaren 23, 24 eta 25erako antolatutako jarduerek jende asko erakartzea espero dutenez, Alkatetzak garraio-operadoreari ohiko zerbitzuak indartzeko premia zegoela adierazi zion orain dela egun batzuk eta gaur jaso dute erantzuna: zerbitzu bereziak egongo dira Ermua eta Deba artean, 17tik 18rako goizaldean, 18tik 19rakoan, 23tik 24rakoan, 24tik 25erakoan eta 25etik 26rakoan, “egun horiek dira-eta jaietako programazioan gauez jarduera gehien dituztenak”.

Gaurtik bihar arteko goizaldean, 23tik 24ra bitartekoan eta 24tik 25era bitartekoan Ermua-Eibar eta Eibar-Ermua noranzkoetan tren-zerbitzu berezia egongo da, ordu erdiro, 23:50etik 06:20ra eta 00:35etik 06:35era, hurrenez hurren. Bestalde, azpimarratu beharra dago egun horietako goizaldeetan ez dela egongo tren-zerbitzurik Eibar-Deba eta Deba-Eibar noranzkoetan, gauez trenbidean lanak egin behar dituztelako.

Horrekin batera, 18tik 19ra eta 25etik 26rako gauetan indartu egingo da Euskotrenek larunbat gauetan eman ohi duen zerbitzua: Ermua-Deba ibilbiderako, 30 minutuan behin tren-zerbitzua egongo da, 22:12tik 6:50era bitartean, nahiz eta zerbitzu batzuk Eibar izango duten azken helmuga. Bestalde, Deba-Ermua ibilbideari dagokionez, 23:05etik aurrera Debatik irtengo den tren bat egongo da orduoro, eta ordu erditik ordu erdira tren bat egongo da Eibar eta Ermua arteko ibilbidea betetzeko, 22:30etik 7:32ra bitartean.

Ordutegi berezia El Corte Inglés-eko aparkalekuan

Tren-zerbitzua indartzearekin batera, automobilez datozenentzat aparkatzeko toki gehiago izateko, El Corte Inglésak bere aparkalekua ordutegi berezian zabalduko du, Alkatetzak hala eskatu eta gero: gaur eta bihar, goizaldeko 03:00ak arte egongo da zabalik. Ekainaren 23, 24 eta 25ean, etenik gabe egongo da irekita, hilaren 23ko ohiko irekiera-ordutegitik hilaren 26ko (igandea) 15:00ak arte.