Gabonak girotzeko kanpaina abiatu dute herriko merkatariek

Gabonak girotzeko kanpaina abiatu dute herriko merkatariek
ETA KITTO 2019, Abe 05

Aurreko astean aurkeztu zuen Eibar Merkataritza Gune Irekiak aurtengo Gabonetako kanpaina. Egitaraua kanpainaren aurkezpena egin eta jarraian, azaroaren 28an hasi zen, kaleak apaintzeko ipini diren argiak pizteko Eibarko Bizikleta Plazan egin zuten jaialdiarekin.

Argiak pizteko ekitaldian Udaleko ordezkariak, dendariak, ostalariak, Eibar foball taldeko jokalariak eta kanpaina diruz lagundu duen SD Eibar Fundazioko kideak egon ziren.

Argiak pizteko ekitaldian Udaleko ordezkariak, dendariak, ostalariak, Eibar foball taldeko jokalariak eta kanpaina diruz lagundu duen SD Eibar Fundazioko kideak egon ziren.

Gabonak girotzeko antolatu dituzten jardueretarako aurrekontua 150.000 eurotik gorakoa da eta hortik 54.000 euro (34.800 euro Eibarko Udalak ipini ditu eta gainontzeko Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak) argiak ordaintzeko erabiliko dituzte.

Beste batzuetan bezala, aurten ere barrakak ipiniko dituzte: Txaltxa Zelaian zortzi atrakziño egongo dira martxan eta, horrez gain, anbulatorio pareko parkean karrusela ipiniko dute, abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra bitartean. Barraketarako txartelak, txiki-parkerako bonoak bezala, erosketak egitean eskuratu ahal izango dira. Dena dela, Txaltxa Zelaiko barraketan ibiltzeko, bonoa aurkezteaz gain 0’50 euro ordaindu beharko dira (bono barik, berriz, 1’50 euro ordaindu beharko dira bidaia bakoitzeko).

Aurtengo berritasunen artean, Errebal Bizirik kanpainaren baitan Urkizun patinatzeko izotz pista ipini dute eta gaurtik aurrera zabalduko dute. Bonoak eskuratzeko Errebal eta Urkizu aldeko dendetan zerbait erosi beharko da (bestela, 3 euro ordaindu beharko dira). Eta bigarren berritasun bat ere badago: barruan sartu eta argazkiak egiteko aukera emango duen Gabonetako bola erraldoia ipiniko dute herriko hainbat tokitan (Untzaga, Toribio Etxebarria, Ego Gain eta Urkizu inguruan) abenduaren 21, 23 eta 28an eta urtarrilaren 4an.

Aipatutako hauekin batera, Eibarko Dendarien Elkarteak ere promozio bereziak antolatu ditu: abenduaren 8ra arte elkarteko kide diren dendetan zerbait erosi eta elkarteko txartelarekin ordaintzen duten bezeroen artean 40 euroko 75 erosketa-txartel oparituko dituzte. Eta abenduaren 17ra arte elkarteko dendetan erositakoa txartelarekin ordaintzen dutenen artean Gabonetako 60 otar oparituko dituzte (otarrak abenduaren 20an banatuko dituzte, Dendarien Elkartearen bulegoan).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »