Gau magiko eta luzeenari hasiera emango dio San Juan suak

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Gau magiko eta luzeenari hasiera emango dio San Juan suak
ETA KITTO 2022, Eka 23

San Juan sua piztuko da gaur gauean. Gau misteriotsua izaten da hau, urteko gaurik luzeena izateaz gain, udako solstizioa eta herriko jaiak ospatzeko jende ugari hurbiltzen baita bertara. Sua egiteko ohitura aspaldikoa da, orain milaka urte ere ospatzen baitzen San Juan gau berezia.

…eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako sua hasi aurretik ehun dantzari irtengo dira plazara. Nerea Lodosak gidatzen duen Neledantza taldearen ikuskizuna 23:00etan hasiko da. Esan bezala, ehun dantzari inguruk hartuko dute parte bertan eta sei koreografia eskainiko dizkigute, bata bestearen atzetik. Saioak 15 minutu inguru iraungo du. Jarraian San Juan sua piztuko dute aurtengo omenduek.

Errautsetatik berriro berpizten den sua
Eibarrek ez du etsitzen eta, hain zuzen ere, horrek inspiratu du Nerea Lodosa San Juan suaren aurretik egingo dituzten dantzak prestatzeko orduan.  Ikuskizunaren hasieran testu bat irakurriko dute eta horretarako SER irrati-katekoen laguntza jaso dute. “Gero, antzinako Eibar irudikatuko dugu, jendea hara eta hona pasiatzen. Dantza horretan eztanda egingo dugu eta konfinamendua etorriko da ondoren. Maskarak agertuko dira, gure bizitzan beste elementu bat bezala agertu ziren konplementuak, eta pandemiaren ondorioz hil direnak gogoratuko ditugu. Horren ondoren, Fenix hegaztia azalduko da eta, egundoko musikaz lagunduta, gimnasia erritmikoko neska bat zinta gorri batekin irtengo da. Orduan, Neomak taldekoen laguntzarekin sorginak ekarriko ditugu eta, azkenik, goian amaituko dugu Su Ta Gar-en musikaren laguntzarekin”, aurreratu digu Nereak.

 

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »