Gaur egingo dute eztanda San Kristobal auzoko jaiek, asteburu osorako egitarauarekin

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Gaur egingo dute eztanda San Kristobal auzoko jaiek, asteburu osorako egitarauarekin
ETA KITTO 2022, Uzt 15

Derrigortutako etenaldia eta gero, jaiak ospatzeko gogotsu daude San Kristobal auzoko jai-batzordeko kideak, baita auzoan bizi direnak ere. Hori dela eta, asteburu osoa betetzeko moduko egitaraua prestatu dute, era guztietako jarduerekin: haurrendako jolasak, ume zein helduendako txapelketak, hitzordu gastronomikoak, kalejirak, kontzertuak… denetarik egongo da gaurtik domekara bitartean eta, jakina, herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte eurekin bat egin eta jaiak ospatzera.

Eguraldi eguzkitsua lagun zutela, gogotsu hasi zituzten jaiak domekan, San Kristobal egunean. Goizean txupinazoa bota eta, bazkaltzeko ordura arte, umeendako jolasak, tirolina eta marrazki-lehiaketa egin zituzten, besteak beste.

trogloditas

Hala ere, jaiek asteburu honetan egingo dute eztanda, gaurtik domekara bitartean auzoa girotzeko prestatu duten egitarauari esker. Gaur arratsaldean, 19:00etan, kalejira egingo da auzoan zehar ‘La banda magnética’ taldearekin eta 19:15etik aurrera tortilla, txorizoa, urdaiazpikoa eta gazta banatuko dute tabernetan, txikiteoan dabilen jendearentzat. Gauerako, berriz, kontzertu bikoitza prestatu dute. Ohiko martxan, gaurko gauerako rock musika egiten duten bi talde aukeratu dituzte: 23:00etan ‘Cien duros’ taldekoak arituko dira zuzenean eta, ondoren, 00:15 inguruan ‘Trogloditas’ taldekoen txanda izango da. Bigarren hauek Loquillorekin batera aritu ziren 1983az geroztik, 2007. urtera arte: hasierako taldetik ia gehienak desagertuta zeudela eta, taldearen izenari zentzurik ez zion ikusi Loquillok eta bere bidea bakarrik jarraitzea erabaki zuen. Hala ere, omenaldi baten harira, ‘Trogloditas’ taldea martxan ipini zen berriz ere, 2012an.

Camilo Sestoren musika

Bihar, bestetik, 12:15ean sandia-jana egingo da Aizarnako parkean eta 12:30ean Lambretta motorren igoera “klasikoa” egingo da San Kristobalera, nahiz eta Lambretta motorren topaketa aurreko asteburuan egin zuten. Arratsaldean, 19:00etan, dardo-txapelketa egingo da San Kristobalgo plazan; 19:30ean Dominguez mariatxiak ‘callejonada’ eskainiko du; 21:00etan herri-afaria egingo da plazoletan; 22:30ean DJ Xantik 70’-80’s festa eskainiko du; eta 00:00etan Camilo Sesto abeslariari laguntzen zion ‘Algo de mi’ izeneko bandak kontzertua eskainiko du; ordu berean DJ Xantik beste hamarkada batzuk aurrera egingo ditu eta 80’-90’s festa eskainiko du; eta zapatuko egitarauarekin amaitzeko, 02:30ean txokolatada eskainiko da, musutruk.

Domekan, 12:30ean, paella-txapelketa egingo da, 13:45ean amaitzeko. Tartean, 13:30 inguruan, luntxa eskainiko zaie plazan agertzen diren guztiei. 14:30ean, lehiaketaren sariak banatu ondoren, rifa zozketatuko da. 18:00ean, azkenik, jai amaierako traka egingo da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »