Gaztaiñerre ospatzeko eguna da gaur Eibarren

0    Jaiak 
ETA KITTO ETA KITTO
Gaztaiñerre ospatzeko eguna da gaur Eibarren
ETA KITTO 2020, Aza 16

Gaur ospatuko da Gaztaiñerre eguna gurean. Aurten, baina, COVID-19ak eragin duen pandemia eta alarma-egoera tartean direla, ospatzeko modu berriak bilatu beharko dituzte askok. Izan ere, oraingoan ezin izango dira ohiko afariak antolatu, herriko elkarte gastronomikoen ateek itxita jarraituko dute-eta. Tabernak ere itxita daude eta, beraz, AEK euskaltegiaren eskutik azken urteotan egiten ziren afari-merienda eta kalejira bertan behera geratu dira. Gauzak horrela, aurtengo afari-meriendak etxe barruan eta familiakoekin egin beharko ditugu.

Gure jai gehienek ospatzeko egun zehatz bat izaten dute, baina ez da hala gertatzen Gaztaiñerre egunarekin. Izan ere, urtetik urtera ospatzeko eguna aldatzen joaten da eta, beharbada horregatik, batek baino gehiagok urtero izaten ditu Gaztaiñerre ospatzeko egunaren inguruko zalantzak. Zorionez, horrelako zalantzak argitzeko “formula” idatzita laga zigun aspaldi Juan San Martinek: “Egun hau, Ermua, Eibar eta Plaentzian Arimen egunetik bigarren astelehenean ospatzen da. Urtetxoak dira Gaztaiñerre egun jatorrari buruzko zalantzak eta eztabaidak ezagutu nituela. Batzuen ustez “Domunun Santu” egunetik bigarren astelehena behar zuen izan eta beste batzuen ustez Arimen egunetik urrengo astelehena, eta baita ere baziren Arimen egunetik hirugarren astelehena zela uste zutenek ere. Jan-edan zaleentzat hain da egun ona, baziren astelehen bietan behar zela esaten zutenetarik ere, eta Guruzeta korresponsalarentzat, duda hoiek kontuan harturik, azaroko astelehen guzietan ospatu behar zen. Iritziak iritzi, Arimen egunetik bigarren astelehenean ospatzen da”.

Sasoi batean batez ere Debabarrenean (Soraluze, Eibar, Ermua) ospatzen zen Gaztaiñerre, baina gaur egun beste toki askotara zabaldu da. Bestalde, Euskal Herritik kanpora ere toki askotan ospatzen dituzte Gaztaiñerreren pareko jaiak. Galizian, adibidez, “magosto” izenekoa ospatzen dute eta Eibarren bertan izan dugu horren berri, As Burgas Galiziako Etxearen eskutik.

AEK euskaltegikoen zozketa

COVID-19ak sortutako egoera dela eta, Eibarko AEK euskaltegikoek Gaztaiñerre ospatzeko urtero egiten dituzten afari-merienda eta kalejirarik ezin izango dituzte egin aurten. Hala ere, euskaltegian modu batera edo bestera gogoratuko dute eguna eta eskoletan ere landuko dute. Jakinarazi dutenez, “zozketa bat ere jarri dugu martxan euskaltegian, eta edozein herritarrek parte hartzeko aukera zabalik dago”.

Parte hartzeko hiru modu daude (bakarra aukeratu behar da): gaztainaz egindako errezeta bat idatzi; Gaztaiñerre egunean zer egin ohi duten edo garai batean zer egin ohi zuten (etxean, lagun artean, eskolan, euskaltegian…) kontatuz bideotxo bat; edo galdera hauei erantzun: Non ospatzen da Gaztaiñerre? Noiz ospatzen da? Zer ospatzen da? Ezagutzen al duzu antzeko ospakizunik? Errezeta, bideoa edo galderei erantzunak bidaltzeko helbidea eibar@aek.eus da. Azaroaren 20ra arteko epea dago zozketan parte hartzeko, eta parte hartzera animatzen diren guztien artean sari bat zozketatuko dute AEK euskaltegikoek.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »