Hirurok eta Beleko tabernek irabazi dute Eibarko tabernarien arteko pintxo lehiaketa

Hirurok eta Beleko tabernek irabazi dute Eibarko tabernarien arteko pintxo lehiaketa
2022/11/25 18:24
eta kitto!
Hirurok tabernaren “Ay qué bueno” pintxoak sari bikoitza jaso du Arrate Kultur Elkarteak antolatutako XVIII. Eibarko Pintxo Lehiaketan: pintxo onenaren saria, “egindako errezeten konbinazio eta lortutako zaporeen orekagatik” eta publikoaren saria, gaur arratsaldean Arrate Kultur Elkarteko lokalean egindako zenbaketa publikoan 2.021 botu kontatu eta gero, bozka gehien jaso du eta. Bertako produktuekin egindako pintxo onenari saria, berriz, Beleko tabernak eraman du, “Kakuni Matata” izeneko pintxoarekin, “Bertako produktua modu berritzailean garatzeko egindako proposamenarengatik”.

Atzo gauean bildu zen XVIII. Eibarko Pintxo Lehiaketako epaimahaia (Ruben Etxaniz, Unai Magunazelaia eta Joseba Muñoz) aurtengo lehiaketako irabazleak aukeratzeko. Antolatzaileek lehiakideei bere partaidetza eskertu nahi diete, “beraien ilusio eta lan izugarriarengatik pintxoak prestatu eta aurkezteko orduan” eta, horrekin batera, Eibar Merkataritza Gune Irekiari eta Eibarko Udalari esker ona adierazi nahi diete, lehiaketa antolatzen laguntzeagatik. Sari banaketa San Andres egunean izango da, azoka eta beste lehiaketetako sariak banatzeko Untzagan egingo den ekitaldian.