Jaiak beteko du Arrate berriz ere domekan, Kofradixa Egunean

Jaiak beteko du Arrate berriz ere domekan, Kofradixa Egunean
2019/09/13 eta kitto!
Aurreko domekan Arrateko Ama Birjinaren omenezko jaia egun osoan ospatzen ibili eta gero, asteburu honetan errepikatzeko aukera izango da, domekan izango den Baserritar Jubilatu eta Kofradixa Egunaren harira antolatu dituzten jarduerei esker. Urtero lez, goizeko 10:30ean hasiko da Simon Aldazabal XXIV. Antxitxiketaldia, Klub Deportibo paretik irten eta, Orbeko bidetik, Arrateraino joateko. 11:00etan, berriz, bertsolariek lagunduko duten Meza Nagusia ospatuko dute Arrateko santutegian eta, ondoren, Arrateko Amaren irudia berriz ere prozesioan aterako dute, Usartza Txistulari Taldekoek lagunduta. Horrekin batera, 12:00etan hasiko da Udalak urtero antolatzen duen paella lehiaketa eta, egitaraua agurtzeko, 17:30etik aurrera idi-probak egingo dira probalekuan, hiru idi-parerekin.